2026-2027ko ikasturtea hasi dute gaur Debagoieneko hainbat ikastetxetan. Hezkuntza publikoan, Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolako ikasleak itzuli dira geletara; Kristau Eskolako zentroetan ere gaur hasi dira, Oñatiko Elkar Hezin eta Bergarako Mariaren Lagundian. Ikastolen artean, Bergarako Aranzadin eta Oñatiko Txantxikun hasi dute ikasturtea. Arizmendi Ikastolan, Eskoriatzako Luis Ezeizan eta Leintz Gatzagako Jose Aranan, berriz, asteazkenean ekingo diete eskolei.
Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolan modu berezian egin diote harrera ikasturte berriari. Irakasleak mozorrotuta eta musikarekin iritsi dira, eskola ondoko jolastokian jarritako alfonbra gorritik desfilatuta. Ondoren, patioan elkartu eta koreografia egin dute.
Ikasturteko erronkak
Ikasturte berriari begira, ikasleen gaitasunak hobetzea, segregazioari aurre egitea eta beroaldietarako neurriak hartzea jarri ditu erronka nagusien artean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Euskal Autonomia Erkidegoan 280.386 ikasle izango dira aurten Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Hala, udako oporraldia amaituta, ikasturte berria martxan da Debagoieneko ikastetxeetan.