Lehenengo egunetatik gogor jo zuen eguzkiak eta Agorrosinera, esaterako, 2.000 lagun baino gehiago bertaratu ziren ekaineko bigarren hamabostaldiko hainbat egunetan. Uztailean apalagoa izan zen sarrera kopurua, edonola ere, egun eguzkitsuetan bete egin zen Agorrosin. Abuztuan beheranzko joera handitu egin da. Jende pilaketak gorabehera, sorosleek ez dute aparteko esku hartzerik egin behar izan.
Oñatiko Usakoko bainutokiak aurreko urteetan baino bisitari gutxiago jaso ditu aurten. Usako sarreran, errepide ertzean gaizki aparkatutako autoak pilatzea saihesteko Udalak hartu duen neurria izan da horren arrazoia. Alternatiba gisa Munazategin jarri dute aparkaleku publikoa. Ekainean, gainera, bidegorri sarea Usakaraino iristeko lanak bukatu zituzten, eta horrek mugikortasun jasangarria bultzatu du. Ingurune naturala gehiago babestea eta bizikidetza hobea lortu dutela iritzita, balorazio positiboa egin dute udal ordezkariek.
Usakoko sorosleek ere azpimarratu dute uda lasaiagoa izan dela, Oñatitik kanpoko jende gutxiago joan delako. Uretara jauzi egiterakoan klabikulan min hartu zuen pertsona bat artatu behar izan zuten, baina, bestela, kontrolpean izan dute egoera uneoro. Arratsaldeetan egin dituzte txandak, ekainean eta uztailean bi soroslek, eta abuztuan eta irailean bakarrak.
Azken egunak
Hain zuzen, irailean sartu berritan, udako bainu denboraldia azkenetara iritsi da. Hilaren 6an itxiko dute Agorrosingo kanpoko igerilekua eta egun horretan bukatuko da baita ere Usakoko sorospen zerbitzua. Arrasaten astebete gehiago iraungo dute kanpoko igerilekuek zabalik, irailaren 13ra arte, eta gainera, Udalak musika emanaldiak antolatu ditu udako bainu denboraldiari agur esateko.
Irailaren 8an, asteartea, DJ Goikok emanaldia egingo du 17:30etatik 19:00etara, eta irailaren 10ean, eguena, formatu akustiko arituko dira Unai eta Julen, 18:00etatik 19:00etara.