Ernaiko kideak Asentzio inguruan batu dira gaur arratsaldean, Elgetako Intxorta mendira igotzeko eta antifaxismoaren aldeko aldarriak egiteko. Ekitaldiarekin, 1936ko altxamendu faxistaren aurrean Intxortan izandako erresistentzia gogora ekarri nahi izan dute, eta, era berean, irailaren 13an Donostian egingo duten manifestaziora deitu dute.
Ernaik irakurritako adierazpenean, "ia 90 urte emandako altxamendu faxistaren aurrean Intxortan izandako erresistentzia gudua" oroitu dute, eta gaur egungo egoerari ere erreferentzia egin diote. Haien esanetan, "garai erabakigarriak bizi dira, eta munduan gatazka belikoak, genozidioak eta eraso inperialistak ugaritzen ari dira". Horrez gain, "balio erreakzionarioek gizartean gero eta presentzia handiagoa" dutela salatu dute.
Ernairen arabera, faxismoaren aurkako borroka "ezinbestekoa" da Euskal Herriaren askatasunaren aldeko bidean. Antolakundeak Euskal Herri "aske, feminista, sozialista eta euskaldunaren"aldeko proiektua aldarrikatu du, eta irailaren 13an Donostiako kaleak "gazte independentistekin" betetzeko deia egin du.
"Intxorta mugarri bezala irudikatu dugu"
Kepa Txintxurretak, Ernaiko kideak, Intxortak Debagoienean duen esanahi sinbolikoa nabarmendu du. "Intxorta, Debagoienean duen esangura sinboliko antifaxistarekin lotuz, irailaren 13ko manifestazioari begira, mugarri bezala irudikatu dugu, antifaxismotik beste Euskal Herri bat eraikitzeko helburuarekin", azaldu du.
Txintxurretaren arabera, Donostiako manifestazioak bi aldarri nagusi izango ditu: "Euskal Herria irabaztera eta faxismoari ez". Horien bidez, "bestelako Euskal Herri bat" irudikatu nahi dutela adierazi du, eta antifaxismoa proiektu horren oinarri nagusienetako bat dela azpimarratu.
Eguraldi txarra gorabehera, Intxortara igotzeko konpromisoa berretsi du Ernaiko kideak. "Eguraldiak lagundu ez arren, Intxortara igoko gara, eta gazteok konpromisoa hartu dugu lanerako; eguraldi txarrak ez gaitu geldituko".
Irailaren 13an Donostian egingo duten mobilizazioarekin, beraz, "olatu antifaxista erraldoia" sortzeko helburua azaldu du Ernaik.