ALBISTEAK

Baserritarrak desados agertu dira Uraren Euskal Agentziak iragarritako neurri berriekin

Mireia Bikuña Madrid 2026ko abuztuaren 24a

Debagoieneko baserritarrak "haserre" agertu dira Uraren Euskal Agentziak mendiko uren erabileragatik kobratu gura dien kanonarekin. Hainbat protestaren ondorioz, URAk laguntzak iragarri ditu kontrol bolumetrikoko sistemak instalatzeko, baina, baserritarrak desados agertu dira, eta hauen ustez, neurria "ez da laguntza bat".

Mendiko uren erabileragatik Uraren Euskal Agentziak kobratu gura dien kanonarekin oso "haserre" agertu dira Euskal Autonomia Erkidegoko baserritarrak; tartean, Debagoienekoak. "Ulertzen dugukaleko etxeetan ura ordaintzen dela, baina, ura bertaraino eramaten da eta ur horrek tratamendu bat du, azkenean, zerbitzu bat ordaintzen zabiltza. Gure kasuan, baserriko uretan, askok putzu bat dute zulatuta eta beste askok errekatxotatik hartzen dute, egongo da euri ura teilatutik hartzen duenik ere. Ez dugu ulertzen hor zer ordaindu behar dugun", azaldu du uraren kanona ordainarazi nahi dioten Jon Mujikak.

EHNE sindikatua gaia lantzen

Kobrantza horrek baserritarren artean sortutako zalapartaren harira, Gipuzkoako EHNE sindikatuan hainbat batzar egin ditu; besteak beste, Elgetan eta Eskoriatzan. Horietan EHNEko ordezkariek esan zuten lege hori diskriminatzailea zela eta hori argudiatzeko lanketa egiten ziharduela. Horren harira, dei egin zuten herriz herriko lantaldeak sortu eta Gipuzkoa mailako koordinazio talde batera batzeko.

Herriz herri sortutako mugimendu horren ondotik etorri da URAren azken erabakia: agentziak laguntzak eskainiko dizkie udal sareetara sartzeko aukerarik ez duten ur erabiltzaile txikiei, kontrol bolumetrikoko sistemak instalatzeko.

Neurri berriarekin desados

Uraren Euskal Agentziak dio Uraren gainontzeko emakidadunek bezala, ur-harguneen erabiltzaileek azken asteotan azaldu dituzten kezkei erantzun gura diela neurri berriak. Hala ere, baserritarrak ez datoz bat horrekin: "Hau beraiendako laguntza da, guretzat ez da laguntza bat. Beraiek dira kontrol bolumetrikoko sistemak jarri nahi dituztenak, beraiek nahi dute egiten ez duten lan bategatik dirua ordaintzea. Guretzat hau berdinean gelditzea da. Behin laguntzea, gero askotan kentzeko, ez da laguntza bat".

URAk publikatu duen azken neurriaren arabera nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreak % 90eko hobaria du Uraren Kanonean, eta oraingo laguntzak, batez ere, hornidura-sare publikoetara lotzerik ez duten aprobetxamendu txikien titularrei zuzenduta egongo dira, baldin eta etxeko premiei edo nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera txikiei lotutako premiei erantzuteko hartune propioen mende badaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak