Hainbat debagoiendarrek Andramaixen bueltako astea Aretxabaletarekin lotzen duten arren, bailaran izan dira bestelako jaiak ere. Aramaion, Oñatin eta Elgetan ere jaietan murgildu dira auzo eta kale ezberdinak. Berezia izan da Aramaioren kasua, baten faltan, bi auzotan ospatu dituztelako jaiak, Oletan eta Barajuanen.
Auzoak bizirik mantendu eta elkartzeko
Oleta zein Barajuaneko auzokideek horrelako jaien garrantzia azpimarratu dute, auzoarentzat ezinbestekoak direla azalduz. "Auzoan guztiak elkartzeko urteko eguna da hau", azaldu du Barajuaneko Aitor Astondoak. "Ingurukoak zein familiakoak elkartzen gara. Bazkarian 75 lagunetik gora elkartu gara. Guztiak elkartzeko aitzakia ederra da", gaineratu du auzo bereko Ander Elortondok.
Oletako auzokideak ere bat datoz Barajuaneko kideek esandakoarekin. "Oleta herri txikia izanda jaiek pisu handiagoa dutela esango nuke. Nik gutxienez pila bat eskertzen dut. Askotan, aukera bakarra ez den arren, jendearekin egon eta harremanak estutzeko aukera onena izaten da. Jendeak pila bat disfrutatzen du", azaldu du Manu Egileonek.
Auzolanaren garrantzia
Oleta eta Barajuango jaiak auzotik eta auzoarentzat egindako jaiak dira. Auzolanak pisu handia izaten du bertan, eta jaiek irauten duten egun guztietan ugariak dira beraien aletxoa jartzen duten auzokideak. "Hemen jende pila bat mobilizatu da hau aurrera ateratzeko. Plazer bat da guztiak laguntzeko prest daudela ikustea, bakoitza bere neurrira. Jai txikiak dira, baina lan handia egin da eta dena bikain atera da jendearen parte-hartzeari esker", azaldu du Egileonek.
Herri bakarrean bi festa
Bitxia suertatu daiteke Aramaio moduko herri batean aldi berean bi jai ospatzea, baina bizilagunak normaltasun osoz bizi dute egoera. "Ez diogu garrantzia handirik ematen. Andramaixek agintzen dute noiz den jaietako data. Pena da ezin garela Barajuanera joan eta beraiek ezin direla etorri, jendea ezin da bikoiztu".
Oñatin eta Elgetan ere bai
Aramaio eta Aretxabaleta ez dira izan jai giroan murgilduta egon diren herri bakarrak. Oñatin, Urrexolako auzoan, jaiak ospatu dituzte asteburu osan zehar. Elgetan ere izan dute festarako tartea, domekan San Roke kaleko jaiak ospatu zituzten-eta, egun osoko egitarau batekin.