ALBISTEAK

Txernobyldik Debagoienera: bi hilabeteko harrerak uzten duen arrastoa

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko uztailaren 24a

Uztailaren hasieratik Debagoieneko hiru etxetan uda berezia bizi dute; izan ere, Txernobylgo hiru haurrek bi hilabete igaroko dituzte harrera-familiekin, osasuna indartzeko asmoz eta egunerokoa partekatuz, "etxean bat gehiago" izanda.

Duela 40 urte lehertu zen Txernobylgo zentral nuklearreko laugarren erreaktorea. Erradiazioaren ondorioek oraindik ere milaka familiaren egunerokoa baldintzatzen dute Ukrainako zenbait eskualdetan. Horregatik sortu zen, duela 30 urte, Txernobil Elkartea: kutsaduratik urrun, uda Euskal Herrian igarotzeko aukera eskaintzen die haurrei, bi hilabetez aire garbia arnastu, elikadura osasungarria izan eta defentsak indartzeko.

Elgetako familiak Loiuko aireportuan ikusi zuen lehen aldiz Alina, 6 urte besterik ez zuela. Zortzi uda igaro dira ordutik. Eskoriatzako familiak, berriz, autobusetik jaitsi zen unean ikusi zuen lehen aldiz Anna, iaz, 8 urte zituela. Aurten, berriz elkartu dira.

Elgetako familiaren kasuan, Alina etxera iritsi zenean ez zuten seme-alabarik. "Esperientzia polita izan zitekeela pentsatzen genuen. Larraitzek [emazteak] bazuen aurretik esperientzia, haren familian Saharako haur bat hartzen zutelako, eta laguntzeko prest geunden", gogoratu du Unai Serranok, Elgetako harrera-familiako kideak. 

Eskoriatzan erabakia ez zen egun batetik bestera hartu. Komunikabideetan ikusi zuten harrera-familiak behar zirela, eta informazioa eskatzera joan ziren. Elkartearen balioek berehala egin zuten bat eurenekin, baina etxe barruan hausnarketa egin behar izan zuten. "Gure bi seme-alabekin hitz egin genuen. Hasieran, umeen erantzunak ohikoak izan ziren: 'Nik neska bat nahi dut...'; 'Nik mutiko bat...'. Orduan azaldu genien hortik harago zihoala; haren errealitatea gurearengandik oso desberdina dela, beste hizkuntza bat hitz egiten duela, gerran dagoen herrialde batetik datorrela eta osasuna hobetzeko helburuarekin etorriko zela".

Gerra, eguneroko itzala

Txernobylgo ondorioei, azken urteotan, Ukrainako gerraren errealitatea gehitu zaie. Elgetako familiak gertutik bizi izan zuen egoera; izan ere, gerraren hasieran, Alinaz gain, ama eta anaia ere Elgetara ekartzea erabaki zuten: "Orduan konturatu ginen familia oso baten ardura hartzea zer den. Gogorra izan zen". Urtebete geroago itzuli ahal izan ziren Ukrainara, baina egoerak ez du normaltasuna berreskuratu. "Eskolara joaten dira, supermerkatuak zabalik daude... baina tentsioa hor dago. Alinarentzat hemen lasaitasun une bat da uda, nahiz eta familiagandik urrun egoteak ere bere zama izan". 

Eskoriatzan erabaki argia hartu dute. "Ez diogu gerraren inguruan etengabe galdetzen. Uste dugu egunerokoan nahikoa duela. Haren aitarekin mantentzen dugu harremana, eta hark azaltzen dizkigu gertaerak", dio Jabi Baenak, Eskoriatzako harrera-familiako kideak.

Familia, Ukrainan

Bi familiek ideia bera azpimarratzen dute: haurrek beren familia dutela Ukrainan. "Gu ez gara ordezko familia", dio Dorleta Sologaistoak, Eskoriatzako harrera-familiako kideak: "Horrek lasaitu ere egiten nau; badakit uda amaitutakoan baduela nora itzuli".

Ardatza hasieran osasuna da. Denborarekin, ordea, harremanek beste dimentsio bat hartu dute. Serrano urte hauetan guztietan ondorio batera iritsi da: "Hasieran, emateko egiten genuen. Ez genuen ezer jasotzea espero. Baina konturatu gara bueltan jasotzen dena ordainezina dela. Bat gehiago gara etxean". Alinak euskara garbian dio "elkarrekin egotea" dela udan gehien gustatzen zaiona. 

Sologaistoak ere antzeko hausnarketa egin du. Harrera-familia izateak mundua beste begi batzuekin ikusten lagundu diela dio: "Barne-lanketa handia egiten duzu. Konturatzen zara hemen jaio izanaren zorteaz, eta eguneroko arazoak beste modu batera ikusten hasten zara". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak