Sinbolismoz eta sentimenduz betetako goiza izan da gaurkoa Bergaran. Etzi, uztailaren 21ean beteko dira 150 urte Espainiako Gorteek euskal lurraldeetako Foruak abolitu zituztela; eta baita 50 urte Alkateen Mugimenduko kideak Bergaran batu zirela ere. Bi mugarri historiko horiek ardatz hartuta, Euskal Herriko 180 herri baino gehiagotako udal ordezkariak eta hainbat erakunde publikotako ordezkariak batu dira Usondo parkean.
Bertan izan dira, besteak beste, Nafarroako zein EAEko legebiltzarretako kideak eta foru aldundietako, batzar nagusietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere. Aramaiokoek kenduta, Debagoieneko gainerako herri guztietako udal ordezkariek hartu dute parte ekitaldian.
Historiari egindako keinuak, baina, lehenago hasi dira. Izan ere, duela 50 urte bezala, alkateek eta instituzioetako ordezkariek topaleku izan dutenerako ibilbidea oinez egin dute, ordena alfabetikoan eta eskuetan herrien kartela eraman dutela.

Behin Usondo parkera heldutakoan, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak eta Bergarako alkate Gorka Artolak hartu dute hitza.
Mendoza: "Euskal lurraldeoi dagokigu gure burua gobernatzeko eskubidea"
Mendozak adierazi duenez, foruen galera "bidegabea" eta Francoren diktadura amaieran sortutako Alkateen Mugimendua oroimena berritzeak, euskal herritarron "etxe komuna eraikitzen eta defendatzen jarraitzeko konpromisoa" berrestea dakar berekin. Ahaldun nagusiak norabide horretan "buru-belarri" lanean jarraitzeko determinazioa azaldu du.
"Foruen abolizioarekin gure herriak jasandako injustizia gogoratzearekin bat, aldarrikatu nahi dugu euskal lurraldeoi dagokigula gure burua gobernatzeko eskubidea, autogobernu hori etenik gabe berritzeko eta garatzeko eskubidea", esan du Eider Mendozak eta Alkateen Mugimenduko kideen ekarpena ere aitortu du diputatu nagusiak, bere esanetan oso momentu konplexu baten "ahotsak batuz" herri eskubideen aldeko "katebegi sendoa" eraiki zutelako. Etorkizunera begirako desafioei erantzun "eraginkorrak" emateko "ezinbestekotzat" jo ditu, era berean, herri erakundeen egitekoa "indartzea" eta euskal lurraldeen "autogobernua zabaltzea". "Horrek eskatzen du, aldi berean, gure herriaren memoria gorde eta zaintzea, belaunaldi berriei transmititzea. Gaur mugarria ezarri dugu ahalegin horretan", gehitu du."Gora Euskadi Askatuta!" aldarrikatuz bukatu du bere hitzartzea.

Artola: "Euskal herritarren ahotsak bere lekua izan behar du; hitzaren eta erabakiaren jabe izan behar dugu"
Gorka Artola Bergarako alkateak nabarmendu duenez, "ohore handia da duela mende erdi herri honetako plaza nagusian hamarnaka euskal alkatek osatu zuten argazkia berritzea, kolorez hornitzea, herri ordezkari gehiagorekin batera. Kolore politiko desberdinetatik gatoz, eta ideia desberdinak ditugu askotan. Eta hori ona da; demokraziaren aberastasuna da. Baina bada partekatzen dugun zerbait: gure herriek aurrera egitea nahi dugula, herritarren ongizatea hobetzea nahi dugula eta gure udalerriak etorkizunerako prestatzea nahi dugula. Horixe izan zen, neurri handi batean, 1976ko alkate haien mezua ere: aniztasunetik, herri baten etorkizuna eraikitzeko borondatea".
Artolaren hitzetan, "Euskal Herria herritar libreen komunitatea zen orduan, eta gaur hemen bildu garenok nork bere eremutik lanean jarraitzeko konpromisoa dugu, etorkizunean ere herritar libreen herri librea izan dadin. Orduan bezala, gaur ere erronka berriei aurre egin behar diegu. Horretarako, euskal herritarren ahotsak bere lekua izan behar du; hitzaren eta erabakiaren jabe izan behar dugu. Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa behar ditu bere etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko". "Gora Bergara. Eta gora herriz herri eraikitzen den Euskal Herria!", izan dira Artolak bere hitzartzea amaitzeko aukeratutako hitzak.
Alkateen Mugimenduko kideei omenaldia
Ekitaldiko momentu hunkigarrienetakoa, duela 50. urteko Alkateen Mugimenduko kide izan ziren eta oraindik ere bizirik dauden bost kideei aitortza egin dietenekoa izan da. Bergarako alkate ohi Jose Luis Elkoro, Arrasateko alkate ohi Jose Antonio Altuna Txatillo, Eskoriatzako alkate ohi Javier Errazti, Otxandioko alkate ohi Luis Mari Ajuriagerra eta Belauntzako alkate ohi Ramon Lopetegi dira omendu dituztenak. Unai Azkarate sortzaile bergararraren artelan bana jaso dute.


Kulturaz jantzitako ekitaldia
Gaurko hitzorduan protagonismo berezia izan dute askotariko adierazpide kulturalek eta horretan nabarmena izan da debagoiendarren parte-hartzea. Hala Oñatiko Oñatz dantza taldeak; Greziako Ballet Nazionaleko dantzaria den Manex Alberdi bergararrak; Bergarako txistulari taldea eta Oñatiko Aita Madina txistulari taldeak; eta Aritzeta abesbatzako, Alaiberri otxoteko eta Bergarako Orfeoiko kideek osatutako abesbatzak egin diote ekarpena ekitaldiari.
Zazpiak Oihal Batetik, Jesus Guridiren Amatxo era Julen Lekuonaren Itsasoan Urak Handi pieza musikalek zipriztindu dute Usondo parkea; baita, bestela ezin zitekeen moduan, ekitaldiari amaiera eman dion Agur jaunak-ek ere.












