ALBISTEAK

Euskal Herriko bazterrak zeharkatzen dituen espedizioa erdibidera iritsi da

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko uztailaren 17a

Euskarabentura hilaren 1ean abiatu zen, Atharratzen, eta 31n amaituko da, Getxon. Zortzi debagoiendar batu dira ekimenera, baita lehen aldiz xerpa lanetan diharduen arrasatear bat ere.

Hilaren 1ean abiatu zuten, Atharratzetik, Euskarabenturaren espedizioa. 130 jzioquitar-ek hilabete osoa emango dute Euskal Herria oinez zeharkatzen, motxila bizkarrean eta egunero herri berri batean esnatuz. Zortzi debagoiendar daude, baita lehen aldiz xerpa lanetan ari den Markel Errasti arrasatearra ere. Lehen eguneko urduritasuna atzean utzita, espedizioaren erdia igarota, denek ideia bera azpimarratu dute: "Izugarrizko esperientzia izaten ari da".

Tolosan elkartu dira GOIENArekin hitz egiteko Irati Betegi aretxabaletarra, Eki Mujika osintxuarra eta Errasti bera. Bi palestinarren hitzaldia entzun berritan hartu dute atseden tartea, eguneko etapari eta ohiko dinamikari berriro ekin aurretik.

Lehen egunetik sortu ziren lehen loturak; ordutik, eguneroko bizikidetzak are gehiago sendotu ditu adiskidetasunak. Errastiren hitzetan, Euskarabentura "udaleku hutsa baino askoz gehiago" da. Euskara ardatz hartuta, kultura, osasuna, ekologia eta parekidetasuna lantzeko espazioa ere bada, gazteek elkar ezagutzeko eta haiek saretzeko aukera ematen duena.

Goizero, Maskak taldearen Ameslari kantuarekin esnatzen dira; ondoren, gaua igaro duten frontoian motxilak –"nahiko nahastuta" dituztenak– bildu, gosaldu eta beste etapa bati ekiten diote. Ibilaldiaren ostean, tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak izaten dituzte. Hamabost egun baino gehiago daramatzate errutina jarraitzen, baina hirurek diote ez daudela bi egun berdin.

Euskararen presentzia

Zazpi lurraldeetako gazteak elkartu dira abenturan, eta erdigunean jarri dute euskararen presentzia eta erabilera. "Horrelako lekuetara iritsi arte ez gara konturatzen Debagoienean euskaraz bizitzeko dugun zorteaz", hausnartu du Betegik. Mujikak ere antzeko gogoeta egin du: "Jende gazteak euskaraz jakinda ere ez erabiltzeko hautua egitea arriskutsua da".

Euskalkiak ezagutzea "oso aberasgarria" dela diote hirurek. Edozelan ere, hirurek ere ideia bera azpimarratu dute: euskara batuan edo euskalkian, "garrantzitsuena euskara erabiltzea da".

Hilabete osoko ibilbidean txoko ugari ezagutzen ari badira ere, Araia-Zerain etapa nabarmendu dute debagoiendarrek: hain zuzen ere, mendi artean egindako 25 kilometro inguruko ibilbidea, "paisaia ikusgarriekin". Betegik eta Mujikak Donibane Garazi ere gogoratu dute. Errastik, berriz, Iparraldea gertutik ezagutzeko aukera nabarmendu du, eta "berezia" izan dela dio. Orain arte lo egindako frontoiek ere beren xarma dutela gaineratu dute, eta faltan igarriko dutela "gauero 130 lagunez inguratutako espazio berezi hori". Espedizioaren bigarren zatia dute aurretik oraindik. Amaitu aurretik, mezua argi dute datorren urteko gazteentzat: aukera duenak ez dezala zalantzarik egin: "Bizitzan behin bizi daitekeen esperientzia da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak