HEMEN DEBAGOIENA

Saharako haurrek oporrak bakean bizitzeko parentesia izan daiteke Debagoiena

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko uztailaren 17a

Familiek bi hilabetez izaten dituzte harreran Saharako kanpamentuetako haurrak. Debagoienean aurten sei harrera-familia daude; bik estreinakoz eman dute izena programan, eta "oso pozik" daude esperientziarekin

50 gradu baino gehiagoko tenperaturak, harea-ekaitzak eta baliabide eskasia. Hori da Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren milaka haurren udako errealitatea. Baldintza horietan, urteko sasoirik gogorrena dute han eta, beraz, Euskal Herrian oporrak eta atsedenaldia izateko aukera funtsezkoa da. Testuinguru horretan sortu zen Oporrak Bakean programa: haur sahararrei bi hilabetez baldintza duinetan bizitzeko aukera emateko, kultura berriak ezagutzeko eta, aldi berean, euskal gizartea herri sahararraren errealitatera hurbiltzeko.

Urtero legez, aurten ere hainbat familia euskaldunek ireki dizkiete etxeko ateak 10 eta 12 urte bitarteko haurrei. Debagoienean sei familia dira harrera egiten ari direnak: lau Oñatin, bat Arrasaten eta beste bat Elorregin. Azken bi horiek lehen aldiz batu dira egitasmora, eta aitortu dute esperientzia "aberasgarria" izaten ari dela. 

Hiru aste igaro dira Debagoienean lur hartu zutenetik. Bidaia luzetik nekatuta iritsi baziren ere, egokitzapena azkar etorri da. "Bigarren egunetik etxeko beste kide bat gehiago izan da", azaldu du Oihana Plazak, Arrasateko harrera-familiako kideak. Jon Zumelagaren familiak, berriz, hirugarren urtez hartu du parte programan, eta denborak erakutsi die egokitzapena gero eta errazagoa dela. "Seme-alaba bat gehiago dugu udan", dio naturaltasunez.

Bi hilabete "burbuila" batean

"Ez da telebistan askotan entzuten, baina gerran daude. Hemen, handik ihes egin eta lasaitasunean bizi daitezke", azaldu du Jon Mujikak, harrera-familiako kideak. Haren hitzetan, bi hilabete hauek "burbuila" moduko bat dira: eguneroko kezketatik aldendu, jolastu, atseden hartu eta, besterik gabe, haur izateko aukera ematen dietenak. 

Programaren helburu nagusia haurrei udako muturreko baldintzetatik ihes egiteko aukera ematea da, baina osasunak ere berebiziko garrantzia du. Bero itogarritik atseden hartzen dute, elikadura orekatuagoa jasotzen dute eta, aldi berean, osasun azterketak egiteko aukera izaten dute. Kanpalekuetan baliabide faltagatik zaila izaten da osasun arazoak antzematea eta tratatzea. Hemen, ordea, osasun azterketak, analitikak eta hortz-tratamenduak egiteko aukera dute, eta aprobetxatzen dute.

Zer behar da?

Askok uste dute harrera-familia izatea prozesu konplexua dela. Parte hartu duten familiek, ordea, kontrakoa diote. Burokraziari dagokionez, elkarteak laguntza osoa eskaintzen du, eta hegaldien eta udalekuetako gastuak programaren bidez kudeatzen dira. 

Familiarengandik benetan behar dena denbora eta borondatea dira. "Denbora izatea da garrantzitsuena. Guretzat ere lasai egon eta familian egoteko aukera bat da", azaldu du Mujikak. Bi hilabetez haur bat etxeko beste kide bat bihurtzeko prest egotea da baldintzarik handiena. Komunikatzeko, hizkuntzaren mugak lausotu egiten direla diote, eta euskaraz azkar ikasten dutela, gaitasun handia daukatela.

Bi norabideko onurak

Programaren onurak ez dira haur sahararrentzat bakarrik. Haiek atseden hartzen dute, osasuna hobetzen dute eta kanpalekuetatik haragoko errealitate bat ezagutzen dute. Euskal familiek, berriz, beste kultura bat gertutik ezagutzen dute, eta askok diote etxe barruko ikuspegia ere aldatu egiten dela. "Saharako haurren haurtzaroak ez du hemengoarekin zerikusirik. Askotan, helduagoak dira. Uste dut kutsatu egiten dela hori guztia: hemengoak pixka bat heltzen dira; eta sahararrak, umetu", dio Plazak, irribarrez.

Esperientziak seme-alaben heziketan ere eragina duela nabarmendu dute. Enpatia, elkartasuna eta aniztasunarekiko errespetua modu naturalean lantzen dira eguneroko bizikidetzan. Mujikak dio etxera ez dela haur bat soilik iristen. "Beste kultura bat, bizitza ikusteko modu bat eta errealitate oso desberdin bat sartzen dira etxera, horrek dakarrenarekin".

Parte hartu duten familiek diotenez, Saharako herriaren errealitatea ezagutzea eta haren aldeko konpromisoa hartzea ere bada egitasmoaren zati bat. "Saharako borrokarekin elkartasuna adierazteko modu bat ere bada", dio Zumelagak.

Bi hilabete baino ez dira, baina haur batentzat uda ahaztezina izan daiteke; eta familia batentzat, bizitza osorako iraungo duen loturaren hasiera.

Parte-hartzera animatzeko deia

Programaren antolaketan parte hartzen duten elkarteek eta udalek harreman zuzena daukate harrera-familiekin, eta, Debagoienean informazio gehiago eskatzeko edo programan izena emateko, 675 70 27 47 telefonora deitu edo onatiharrera@ gmail.com-era mezu bat bidali daiteke. "Zenbat eta haur gehiagori ongietorria egin, orduan eta hobeto", diote Oporrak Bakean programan parte hartu duten familiek: "Guztiontzat da onuragarria".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak