ALBISTEAK

Foruen abolizioaren eta Alkateen Mugimenduaren urteurrenei keinua

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 15a

Goiena telebistak Burujabetza iparrorratz izeneko ikus-entzunezko erreportajea estreinatuko du ostegun honetan, hilaren 16an, 22:00etan. Foruen abolizioaren 150. urteurrenari eta Alkateen Mugimenduaren sorreraren 50. urteurrenari ekarpena egingo die modu horretan Goienak. Hain zuzen ere bi mugarriak hilaren 19an oroituko dituzte, Usondo parkean, 12:00etan.

Ikus-entzunezkoan jaso dira XIX. mendeko Gerra Karlistak, liberalen garaipenaren ondoriozko foruen abolizioa, eta handik 100 urtera sortu zen Alkateen Mugimendua, tokiko ikuspuntu batetik. 

Ikus-entzunezkoak ahotsa emango die historialariei, Alkateen Mugimenduko kideei eta gaur egungo euskal politikariei, euskal foruak galtzearen arrazoien eta gerora etorri diren ondorio politikoen berri eman dezaten.

Goiena.eus-en ere ikusgai egongo da ostegunetik aurrera Burujabetza iparrorratz ikus-entzunezkoa. Gainera, ostiral honetako Puntua aldizkariko erreportaje nagusia ere bi mugarri horietatik abiatuko da. Izan ere, uztailaren 21ean beteko dira 150 urte foruen aboliziotik eta 50 urte Alkateen Mugimenduaren sorreratik.

Hilaren 19an oroituko dituzte bi mugarriak

Bergarako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldi politiko-instituzionala egingo dute Bergarako Usondo parkean uztailaren 19an, domeka, eguerdiko hamabietan. Autogobernua eraikitzen, erakunde propioak defendatzen eta euskararen biziberritzean urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa berretsiko dute 200 herri-ordezkarik baino gehiagok.

Bergarako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ari dira antolatzen eta hitzordu garrantzitsua dela aipatu dute: "Zeinak karga sinboliko handia izango duen, iragana, oraina eta etorkizuna lotuz hitzen, musikaren eta dantzaren bitartez". Ekitaldi politiko-instituzionean Alkateen Mugimendua gogoratu eta 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortuko dute. Ekitaldia, halaber, etorkizunari begirako konpromisoak partekatzeko eta "Euskal Herriaren eskubide historikoen inguruko eztabaida berritzeko" topagune izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak