Arrasateko Morbor sexu askapen taldeak adierazi duenez, 100 bat lagun elkartu ziren atzo goizeko elkarretaratzean. 12:30ean elkartu ziren plazan "guk ere gure herrietan bizi nahi dugula aldarrikatzeko". Morbor taldearen izenean Oihan Zubizarretak hartu zuen hitza eta adierazi zuen "gure aurreko belaunaldien katebegia gara" eta herritik alde egin zutenen eta herrian gelditzea erabaki zutenen bizitzek eta borrokek eraman dituztela dauden lekuraino: "Guk ere Arrasate LGTBIQ+ pertsonendako herri bizigarria, askea, segurua eta pozik biziteko tokia izatea nahi dugulako".
Nabarmendu zuten, gizonkeria, homofobia, transfobia, matxismoa edota faxismoa indartzen ari diren garaia dela, "erreakzionarismoa hedabide, sare sozial, alderdi politiko, administrazio edo erlijioz harago, eguneroko keinu, jarrera eta espazio publikoa hartu eta habitatzeko moduetan, pentsamenduan zein begiran gailenten ari diren garaietan".
Horregatik, generoak irauli behar dituztela aldarrikatu zuten gorputzak biologikoki eta genero sailkapen bitar, hertsi eta zurrunen sailkatzeari utziko dien herri batean bizi nahi dutelako: "Denon bizitzak bizigarriak izango diren herri baten ametsa da gurea. Zisheteroarauaren arabera kategorizatu eta sailkatuko ez gaituena, desira deseraiki eta desiratzeko modu askatzaileei bide emango diena, lasai eta aske utziko diguna lagunarteak eraikitzen, kirola egiten, jaiak ospatzen...". Elkarrekin eta elkarlanean transfeminismotik herria eta komunitateak eraikitzen jarraitzeko deia egin zuten: "Hori da gure bandera antifaxista, gorrotoaren eta zapalkuntzaren aurrean gure herrietan egunero erreferenteak sortzen jarraitzea, bizitzeko alternatibak eraikitzea, eskua luzatu eta elkarri laguntza eskaintzea, babestu eta zaintzea".
Elkarretaratzearen amaiera aprobetxatu zuten Euskal Udalekuei babesa adierazteko.

Elkarretaratzea Aretxabaletan ere
Atzo arratsaldeko seietarako deituta bazegoen ere Aretxabaletan Lohixak taldeak eta Atxabalta Harrok deitutako manifestazioa, azkenean, zortzietara atzeratu zuten eta eguraldiagatik elkarretaratzea egin zuten plazako eszenatokian.
Aretxabaletako mobilizazioan ere LGTBIAQ+ kolektiboko pertsona guztien eskubideak aldarrikatu zituzten, eta hitzartzean nabarmendu zuten festa eguna izateaz gain, borroka eguna ere badela.
Gaineratu zuten, aurrerapenak eman direla azken urteetan, "ikusgarritasun eta onarpen kontuetan", baina horrek ez duela esan nahi guztia eginda dagoenik: "Gorroto diskurtsoek dexente egin dute gora sare sozialetan eta pertsona ezagun edota politikarien ahotan, jende asko, batez ere nerabeak, kolektiboko pertsonak baztertzera bultzatuz".
Aldarrikatu zuten bakoitzak eduki beharko lukeela norbere orientazio sexuala eta genero identitatea askatasunean bizitzeko aukera ere: "Euskal Herria eta Aretxabaleta denontzako leku bizigarriagoa izatea lortu behar dugun honetan, ezin diegu olatu erreakzionarioei aurrera pausorik ematen utzi. Horretarako, denon laguntza eta inplikazioa beharrezkoa da".

Atzo, Atxabalta Harro Eguna
Halaber, zapatuan Atxabalta Harro Eguna ospatu zuten. Bost urte bete ditu aurten Atxabalta Harro elkarteak eta goizean 11:15 aldera hasi zuten aldarrikapenetik eta ospakizunetik duen Harro Eguna pregoiarekin. Elkarteko kide Beñat Arizabaletak pregoian azaldu zuen ekainaren 28a ospatu egiten dela ezin delako ahaztu "gure aurretik egon diren denek malkoz eta izerdiz lortu duten dena. Haiei esker eskuratu ditugun eskubide eta espazioak gureak ere izaten jarraitzen dutela ospatu behar dutelako".
Azpimarratu du, aurrerapauso asko egon badira eta duela urte batzuekin konparatuta egoera hobea bada ere, oraindik asko geratzen zaiola borrokari: "Askori beste herrialde edota leku batzuk etorriko zitzaizkizuen burura, komunitatearen parte izanez bertan bizitzeak dituen arriskuak direla eta. Eta bai, halaxe da. Oraindik leku askotan oinarrizkoak diren eskubideak lortu barik bizi dira milaka eta milaka pertsona. Horregatik, egun hau haiengatik ospatu behar dugu".
