ALBISTEAK

Harridura eragin dute selektibitateko notek Debagoieneko zenbait ikastetxetan

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 26a

Debagoieneko zenbait ikastetxek kezka eta harridura erakutsi dute Unibertsitatera Sartzeko Proban eman den jaitsiera orokorrarekin. EHUk eredu konpetentzialago bat sustatu duela uste dute ikastetxeetako ordezkariek, eta horrek zerikusia izan duela notengan.

Hutsik aurkitzen dira dagoeneko Debagoieneko ikastetxeetako gelak, baina, hautsak harrotuta daude hezkuntza komunitatean. Hainbat ikastetxetako ordezkariak kezkatuta agertu dira Unibertsitatera Sartzeko Proban eman den jaitsiera orokorrarekin. Arrasateko Arizmendi-Gaztelupe ikastolako zuzendari Mikel Egigurenek azaldu duenez, aurtengo selektibitatean jaitsiera handi xamarra izan da: "Selektibitateko EAEko batezbestekoan jaitsiera handi xamarra egon da, lau dezimatakoa, eta gure ikastolan ere jaitsiera hori antzekoa izan da".

Ipintza institutuko batxilergoko koordinatzaile Ana Elena Garciak azaldu duenez, jaitsiera nabarmenenak euskarako eta gaztelerako probetan sumatu dute, emaitza harrigarriak jasoz: "Euskaran eta gaztelanian harrigarriak diren emaitzak jaso izanak kezkatu gaitu, batez ere emaitza oso baxuak". Esperotakoa baino emaitza hobea izan duenik ere badela aipatu du Garciak, baina, "salbuespena" izan dela nabarmendu du.

Ikasleak ere harrituta

Ikasleek ere harriduraz hartu dituzte emaitzak, bereziki, azterketak gainditu ez dituzten ikasleek. "Ikasle batzuk egoera honekin harrituta daude, beraien maila akademikoarekin bat ez datozen emaitzak direla uste dutelako", nabarmendu du Egigurenek. "Lehen notak argitaratutakoan azterketa gainditu ez zuten bi ikaslek oso gaizki pasatu dute. Inork ez zuen espero beraiek suspenditzea".

Erreklamazioen emaitzak jasota

Ekainaren 11tik 15era bitarte izan zuten ikasleek erreklamazioak jartzeko aukera. Euskal Autonomia Erkidegoan 8.000 azterketatik gora berrikusi ziren, tartean, hainbat debagoiendarren azterketak. Ekainaren 22an jakinarazi ziren emaitza berriak, baina, Egigurenek azaldutakoaren arabera, ikasleek soilik jaso dituzte emaitzak, eta ez dituzte aldaketa handiak espero. Ipintzaren kasuan, Garciak jakinarazi du erreklamazioaren ostean bi ikaslek, gutxienez, azterketak gainditu dituztela: "Bi ikasleek erreklamatu eta gainditzea lortu dute. Akatsak izan ziren zuzenketetan, edo gutxienez, berrikuspenetan gainditzea lortu zuten".

Eredu konpetentzialagoa

Aurreko ikasturtean ezarri zen egungo USaPeko eredua, LOMLOE legearekin bateragarriagoa bilakatuaz. Egigurenek dioenez, lehen urte hartan ere noten jaitsiera bat eman zen, eta aurten berretsi egin da bide hori: "24-25 ikasturtean ere aurreko ikasturtearekiko batazbesteko jaitsiera bat izan zen, eta aurtengo ikasturtean jaitsiera horrek jarraitu egin du".

Notek izan duten batezbesteko jaitsieraren arrazoia zein den garbi izan ez arren, ikastetxeetako ordezkariek EHUk eredu konpetentzialago bat sustatu duela uste dute. "Uste dugu EHU eredu konpetentzialago baten bila doala, hau da, adierazmena eta ulermena gehiago kontuan hartzen dituen eredu bat", azaldu du Gaztelupeko zuzendariak. Horren aurrean, ikastetxeek neurriak hartu eta eredu horretarako prestatzen hasi beharko direla azaldu dute ordezkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak