ALBISTEAK

Aurrera begira jarraitzen du Goienak; batzar orokorrak 3,3 milioi euroko aurrekontua onartu du 2026rako

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko ekainaren 19a

Urteko batzar orokorra egin du Goienak. Batzarrak aho batez onartu ditu 2025eko diru-kontuak eta aurrera begirako egitasmo nagusien berri eman ostean aho batez onartu du, baita ere, 2026ko aurrekontua: hain zuzen ere, 3,3 milioi eurokoa.

Goiena Komunikazio Taldeak urteko batzar orokorra egin du kooperatibako bazkide diren langileen, zein udaletako eta euskara elkarteetako ordezkarien parte hartzearekin.

Batzarrak aho batez onartu ditu 2025eko diru-kontuak eta aurrera begirako egitasmo nagusien berri eman ostean aho batez onartu du, baita ere, 2026ko aurrekontua: hain zuzen ere, 3,3 milioi eurokoa.

Goienaren egoera ekonomikoa saneatua dela adierazi du kooperatibako zuzendari-kudeatzaile Iban Arantzabalek. 2025eko aurreikuspen gehienak bete egin dira eta nabarmendutako mugarrien artean jasotako sariak eta urte amaieran egindako 25. urteurreneko ekitaldia nabarmendu ditu.  

"Oso ondo amaitu genuen 2025a; jai batekin eta 25. urteurrena ospatzen Seminarixoan eta komunitate osoaren bueltan 400 bat lagunekin. Uste dut horrek eman digula haizea. Poztekoa izan da, baita ere, sarituak izan garela hainbat arlotan; bai diseinu sariekin azalen sariekin, Datuetatik tiraka saioa finalista izan zen Rikardo Arregi Sarietan... Eta aipatuko nuke, baita ere, Urrezko A jaso dugula. Urteetako langintza izan da eta lankide guztien lana islatzen da hor", azaldu du Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek.

2026ko helburuak

Aurrera begira dago Goiena Komunikazio Taldea eta batzar orokorrean 2026ko aurrekontua onartu dute: 3,3 milioi eurokoa, hain zuzen ere.

Ekitaldi berria proiektuz beteta datorrela azaldu dute kooperatibako arduradunek. Goienak, esaterako, lokal bat erosi du. Egoitza nagusitik oso gertu dago, kale berean. Aurreikuspena da eraberritze lanak 2026an hastea eta lokala prest egotea 2027ko erdialderako. Bi solairuko lokala izango da. 

"Izango da gune bat komunitatearekin konpartitu nahi duguna eta negozio ildo berriak lantzeko balio izango duena. Lokal propio horrekin etorriko dira formakuntzak, hitzaldiak, eztabaidak, podcastak, bideo-podcastak... Balantze saneatuta daukagu eta espero dugu lokal berriak balio izatea Goienaren ohiko kudeaketa eta autofinantzazioa sendotzeko", adierazi du Goienako presidente Monika Belastegik.

Bestetik, 2026an bukatuko du Goienak hiru urte iraun dituen plan estrategikoa eta berria egiten hastea da asmoa.

Errektore kontseiluan

Errektore kontseiluko ordezkari aldaketa ere onartu du batzarrak. Udalen ordezkaritzan emango da aldaketa nabarmenena; izan ere, utzi egingo dute kargua Elgetako zein Arrasate udaletako ordezkariek eta Eskoriatzako eta Leintz Gatzagakoek hartuko dute lekukoa. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak