1976ko azaroaren 29an hil zen, Arrasaten, Jose Maria Arizmendiarrieta. Heriotzaren 50. urtemuga ospatzeko bi ekitaldi egin ziren atzoko egunean zehar Debagoienean. Aretxabaletan izan zen lehena, Otalora dorretxean. Mondragon Korporazioak Arizmendiarrieta Gunea inauguratu zuen bertan, Markinan jaiotako apaizaren pentsamenduan sakontzeko espazio bat.
Legatua ezagutarazteko gunea
Arizmendiarrieta Guneak Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren sustatzailea modu integral batean ulertzea bilatzen du. Horretarako, espazioak, atal ezberdinak ditu, non bere ibilbidean zein pentsamenduan sakontzen den.
Arizmendiarrietaren legatua zabaltzeko tresna garrantzitsua izango da gunea
Iaz 3.000 pertsona baino gehiago joan ziren Otalora bisitatzera, eta horregatik, Mondragon Korporazioko presidente Pello Rodriguezentzat gune berriak garrantzia handia izango du Arizmendiarrietaren legatua ezagutarazteko orduan: "Mondragon eta gure kooperatibak ezagun gara gure negozio sendo, indartsu eta etorkizundunengatik. Zergatik eta zertarako gauden ere oso garrantzitsua da, eta horretan Arizmendiarrietaren legatua funtsezkoa da. Gune hau tresna ikaragarri indartsua izango da legatu hori proiektatzeko".
Mondragon Korporazioaren Hedapen-taldeak kudeatuko ditu bisitak, eta bertaratu nahi izanez gero, hitzordua eskatu beharko da. Lehentasuna kooperatibek izango dute.

Ordezkaritza zabala
Hainbat instituziotako ordezkariak bildu zituen inaugurazio ekitaldiak Otaloran. Bertan izan ziren, besteak beste, Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputatu Nagusia; Gari Iturbe, Aretxabaletako alkatea; Maider Morras, Arrasateko alkate; Iratxe Lasa, Markina-Xemeingo alkatea eta Konfekoopen ordezkari Rosa Lavin presidentea.
Espazio berriarekin pozik agertu zen Iturbe: "Otalora bezalako eraikin batean historia eta hezkuntza uztartzen dituen zentro bat izatea oso garrantzitsua da". Morrasek ere balioan jarri nahi izan zuen gunearen garrantzia: "Haren ekarpenari esker, kooperatibismoaren erreferente gara munduan. Gune honek oso ondo erakusten du nor izan zen eta zer eragin izan zuen gure herrian".
Arizmendiarrietarenak ziren objektuak ere ikus daitezke espazio berrian
Mendozak markinarrak defendatzen zituen balioak goraipatu, eta hauek duten gaurkotasuna mahaigaineratu nahi izan zuen: "Edukiontzi antzeko bat da hau, baina balioena eta eta legatua batena, hemen esaten den bezala, ez ditugulako balio horiek gure DNA-n txertatuta betirako. Hau, urtegi bat bezala, bete egin behar da, konpromiso horri eutsi egin behar zaio".
Jose Maria Arizmendiarrietaren familiaren ordezkaritza ere izan zen ekitaldian. Jesus Mari Arizmendiarrieta ilobak osabarekin alderatu zuen espazioa: "Espazio txikia baina aberatsa da. Halakoxea zen bera ere, ez zien horrelako gauzei garrantzirik ematen. Horregatik esaten dut berari ere gustatuko litzaiokeela".
Ondarea zabaltzen
Otalorakoaz gain, Arizmendiarrietaren ondarea zabaltzen izeneko ekitaldia egin zen atzo, Arrasaten. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak antolatu zuen Kulturaten egin zen ekitaldia, eta bi zati izan zituen.
Lehen zatian Mondragon Unibertsitateko Liburutegiko ordezkari Obdulia Vélezek hartu zuen hitza. Jose Maria Arizmendiarrieta jauna: pentsamendua zaintzea, ondarea irekitzea izeneko proiektua aurkeztu duen. Proiektu honek markinarraren ondarea eta pentsamendua babestea, jendaurrean zabaltzea eta eskuragarri jartzea ditu helburu. Horretarako, honen hainbat eskuizkribu digitalizatu, transkribatu eta eskegi dituzte unibertsitatearen atarian.
Amaitzeko, Fernando Molina historialariaren txanda izan zen. Eraldatu eta kooperatu: Jose Maria Arizmendiarrietaren profil historikoa izeneko hitzaldia eman du honek, non, besteak beste, Arizmendiarrietaren bizitza eta sortu zuen lan-kultura jorratu zituen.