HEMEN DEBAGOIENA

"Amestutakoa baino ederragoa" izan da Almenen 60. urteurrenaren ospakizuna

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 15a

Arizmendi Ikastolaren Almen Guneak 60 urte bete dituela ospatu dute asteburuan, eta sei hamarkadetan ikastolaren parte izan diren ikasleak, gurasoak, irakasleak eta langileak batu dira urteurrena ospatzeko.

Hainbat belaunaldi elkartu eta garai bakoitzeko istorioak eta bizipenak partekatu zituzten elkarrekin Almenen izan zirenek. Kuadrilletan gozatu zuten egunaz: eraikina bisitatu zuten, bero zakarrari erantzuteko txosna inguruan ibili ziren, eta bertsoz eta musikaz girotutako ekitaldi bateratua egin zuten, Elkartu, Oroitu, Eskertu eta Gozatu lelopean.

Ekitaldi nagusiaren ostean bazkaria egin zuten, eta 1.000 pertsona inguru batu ziren horretarako. Deialdia "arrakastatsua" izan zela adierazten du horrek antolatzaileentzat, eta beroak egunaz gozatzen laguntzen ez bazuen ere, Almenen bueltako komunitate guztiak jarritako "giro onarekin egin genion aurre denon artean".

Iruten krosa

Kirola eta jolasa oso presente izan ziren urteurrenean; izan ere, Torrebasoko igoera eta Iruten krosa egin zuten. Azken honetan, gazteen eta nagusien lasterketa egin zuten, eta 70 parte hartzaile izan zituen nagusienak. Sailkapena honako hau izan zen:

Emakumezkoetan

  1. Adirane Peñagarikano Esteibar
  2. Jaione Mendikute Barbero
  3. Maria Martinez Ojuel

Gizonezkoetan

  1. Ibai Bolinaga Diaz
  2. Iñigo Alzola Gordoa
  3. Ander Zubia Ganzarain

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak