2009an sortu zen Balioak dituen Banka baterako Aliantza Globala, eta balioetan oinarritutako finantza-sektoreko liderrak elkartzeko helburuarekin sortu zen sarea, elkarrekin lan egin dezaten, baina baita finantza eta banka mota desberdin bati ikusgarritasun handiagoa emateko asmoarekin. Laboral Kutxa 2024an batu zen proiektura, eta Xabier Egibar zuzendari nagusiak dioenez, "banku guztiek ditugun balioak partekatzeak eta gizartea eraldatzeko dugun asmoak" saretzen ditu proiektuko enpresak.
Balioak dituen Banka baterako Aliantza Globaleko zuzendaritza kontseiluko kideek euren estrategiaz eztabaidatzeko eta aliantzaren etorkizunaz hitz egiteko aukera izan dute. Gainera, Debagoieneko enpresa ereduak ezagutzeko aukera izan dute, eta, horretarako, Otalora, Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan eta Laboral Kutxa bisitatu dituzte. Zera nabarmendu du Aliantza Globaleko zuzendari nagusi Martin Rohner-ek bailarako hainbat enpresetako egonaldiaren ostean: "Benetan markatu nauten balioak dira kooperatiben mugimenduan nagusi den elkartasuna, zeinetan enpresa batzuek besteei laguntzen dieten, gardentasuna eta seriotasuna. Jakina, hori guztia oso espiritu ekintzaile batean batzen da. Benetan liluragarria da, eta gure beste bazkide asko hura ezagutzera bultzatzen ditu". Bestalde, Latinoamerikako ordezkari Martha Lucia Rojasek Debagoienean "gardentasunean, osotasunean eta elkartasun printzipioan egiten den lana" azpimarratu zuen.