ALBISTEAK

Uraren Agentziarekin bizi duten egoera "bidegabea" salatu dute herritarrek

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 11

EHNE sindikatuak informazio-bilera irekia egin du egungo egoera azaltzeko, Eskoriatzan. Antzuolako udal ordezkariek azaldu dutenez, egun 35.000 euro zor dituzte afera honen eraginez.

Joan den apirilean abiarazi zuten Eskoriatzako elizateetan Uraren Euskal Agentziaren jardunaren aurkako sinadura bilketa, agentziak mendiko uraren erabilera ordainarazi nahi dielako. Hala, kontagailuak jartzera eta mendiko ura erabiltzeagatik Uraren Kanona ordaintzera "behartuak" direla eta mantentze-lana bizilagunen kargu gelditzen dela salatu zuten orduan. Bada, asteon, EHNE sindikatuak mendiko uren bueltan gertatzen ari denaren inguruko bilera irekia egin du kultura etxean, eta herritar mordoa batu dira Uraren Euskal Agentziak basoko uren kontagailu eta kanonari buruz eskatzen duena ezagutzeko asmoz.

"Bidegabeko egoera"

2021ean hasi ziren agentziako "lehenengo gutunak iristen", Gipuzkoako EHNEko koordinatzaile Naroa Irureren arabera. Hala ere, 2025ean hasi ziren "mehatxuzko gutunak iristen, kontagailua jartzeko exijituz eta kanona kobratuko zaiela esanez. Obligazio horiek bete ezean isunak jasoko dituztela ere esan diete", jakinarazi du Irurek. Gaur egungo egoera aztertzen dihardute orain, "bidegabekoa" iruditzen zaien egoera amaitzeko. "Ikusten gabiltza herritarrak oso minduta daudela, eta elkarlana bultzatzen ari gara eurekin batera, kontagailuak ez jartzeko eta kanona ez ordaintzeko. Baserritarrek lan izugarria egin dute bizitza osoan ura euren etxetara iristeko: deposituak eta hodiak jarri dituzte eta mantentze-lanak egin. Hori guztia euren lan-kargari zein diruari esker izan da, eta orain ur horregatik kobratzea eta kontagailua jartzea erabat bidegabea iruditzen zaigu", adierazi du Irurek.

"Antzuolak 35.000 euro zor ditu"

Debagoienean, Eskoriatzako elizateetan izan da mugimendu gehien orain arte, baina, herri hau ez da egoera honek eragiten dion herri bakarra. Eskoriatzan egindako bileran beste herrietako zenbait pertsona ere izan ziren. Aipagarriena, akaso, Antzuolako Udalaren ordezkaritza bat bertaratu izana da. Olatz Lezeta alkateak GOIENAri azaldu dionez, udalak mendiko iturburuetatik hartzen du ura, eta antzeko arazoak dituzte Uraren Agentziarekin: "Mendiko eta herriko iturri guztien kostua kobratu nahi digute. Kobratu nahi diguten kanona, gainera, emakida horretan inskribatuta dagoena da, ez dena erreala, iturriak ez baitu kantitate hori ematen".

Udalak 35.000 zor dituela nabarmendu du Lezetak: "Erreala ez den kantitate bat kobratu nahi digute. Orain, momentuan, Antzuolak 35.000 euro zor ditu, iturri guztien kostuagatik". Horren eraginez, hainbat iturriren emakida eten behar izan dutela azaldu du: "Hori dela eta mendiko iturri askoren emakida eten egin dugu, ez delako bideragarria. Herriko bi utzi ditugu martxan, Ondarreko iturria eta Kalebarrengoa, baina beste guztien emakidea galtzen utzi dugu".

Hainbat bilera

Eskoriatzan ez ezik, Errezilen, Oiartzunen eta Azpeitian ere ari dira mendiko uren afera bizitzen, eta egin dituzte bilerak toki horietan ere. Uraren Agentziarekin ere batu dira EHNEkoak, eta "legeak betetzeko" daudela eta "hori egin ezean ondorio zuzenak eurek jasango dituztela" adierazi diete agentziakoek herritarrei eta sindikatuko kideei bileretan. "Agentziaren bulegora joan eta baserri bakoitzari aholkularitza zerbitzua eskaintzeko prest daudela esan izan digute, baina guk eskatzen diegu baserrietara joatea eta egoera bakoitza aztertzea", esan du sindikatuko koordinatzaileak.

Eskoriatzakoa ez da Debagoienean egingo duten azken bilera. Ekainaren 22an Elgetan egingo dute bilera-informatiboa, 18:30ean, Espoloia kafe antzokian.

290 sinadura, Eskoriatzan

Halako "bidegabekeria" bat salatzeko orduan ezinbestekoa da "herritarren babesa izatea". Horren harira, herritarren jarrera "txalotzekoa" dela dio Irurek, eta "elkarlanerako duten asmoa" nabarmendu du. Bestalde, Eskoriatzako elizateetan agentziaren eskaerei euren "desadostasuna erakusteko" egindako sinadura bilketan 290 sinadura jaso zituzten. Herritarrei jakinarazi diete maiatzean bidali zituztela sinadurak agentziara, eta "eskerrak" eman dizkiete parte hartzeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak