Felix Urkola (Tolosa, 1970) Goiena telebistako Berbagai saioan egon da aste honetan, eta Gipuzkoako eta Debagoieneko bide azpiegiturak izan ditu hizpide.
Zein dira departamentuaren erronka nagusiak gaur egun?
Gipuzkoa osorako hainbat erronka ditugu mahai gainean; segurtasuna eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea dira gure helburu nagusiak. Bidasoa inguruko trafiko arazoentzako irtenbide bila gabiltza; Andoaingo korapiloa askatzea ere lehentasunetako bat da.
Aldundiaren aurrekontuaren %10 kudeatzen duzue; nora bideratuta?
Departamentuaren aurrekontua 119 milioi eurokoa da aurten, baina Bidegiren aurrekontua gehituta 330 milioi euro ingurura iristen gara. Zati handiena errepideen mantentzera eta kontserbaziora bideratzen da, 85 milioi inguru. Beraz, zaintza, konponketak, segurtasun neurriak eta erabiltzaileei zerbitzua ematea daude lehen lerroan.
Istripuen zifrak kezkagarriak dira?
Beherantz doan kopurua da; batez ere, larritasunari dagokionez. Dena den, gertaera bat dagoenean kopuru horiek ez dute axola. Uste dut istripuen arrazoiak ezagutzean dagoela gakoa, prebenitzeko.
Debagoienera etorrita, egunero milaka ibilgailu mugitzen dira. Nahikoa da daukagun errepide sarea?
Bai. AP-1ari dagokionez, gaur egungo trafikoari erantzuteko gaitasun nahikoa dauka. Beste toki batzuetan ditugun trafiko dentsitateekin alderatuta, Debagoieneko egoera egokia da eta etorkizunerako ere ahalmen handia duela aurreikusten dugu.
Horrek esan nahi du ez dagoela obra handirik aurreikusita bailaran?
Momentuz, ez. Gure lehentasuna mantentze-lanetan dago. Bergarako AP-1ean asfaltatze-lanak egiten ari gara, Arlabanen esku-hartze garrantzitsua egin genuen iaz eta aste honetan bertan hasi dira Bedoñako bidea zabaltzeko lanak, aspaldiko eskaerari erantzunez. Bost hilabeteko epea izango dute lanek eta 700.000 eurotik gorako inbertsioa egingo da. Bestalde, Eskoriatzako eta Arrasateko zerbitzuguneetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak jarriko ditugu. 4,2 milioi euroko inbertsioa eginez, Elgetako eta Angiozarko errepideak asfaltatu dira azkenaldian, eta horrelako lanekin jarraituko dugu.
Proiektu handienetakoa Bizkaiko lotunea da, Kanpanzartik.
Hitzarmen bat sinatu zen Bizkaiko Foru Aldundiarekin, eta haiek egiten ari dira proiektua. 2028an kokatu beharko ginateke proiektua idatzita izateko; hortik aurrera, exekuzioa etorriko litzateke.
Zer diozu Vasco-Navarro trenbide zaharraren Leintz bailarako trazatua berreskuratzeko proiektuaz?
Proiektu historikoa da. Lehenengo idazketa 2007koa da, baina azken urteetan berriz aktibatu dugu. 2025ean proiektua eguneratu genuen, eta datozen egunetan aterako dira lehen fasearen, Eskoriatza eta Zarimutz arteko tarteen, idazketa-lanak. Pauso garrantzitsua da, aspaldiko aldarrikapena izan baita Debagoienean, eta lehen urrats sendoak egiten ari gara. 2007an 6,5 milioiko proiektua zena gaur egun 12 milioi eurokoa da.
Tunelak eta zubiak egoera onean daude?
Batzuk bai, beste batzuk ez hainbeste. Horregatik egingo dira azterketak, eta proiektuak faseka garatuko dira. Helburua jatorrizko trazatua eta ondare balioa ahalik eta gehien mantentzea da.
Zer ekarpen egin diezaioke Vasco-Navarrok Debagoienari?
Historia berreskuratzea da, baina baita herrien arteko lotura indartzea ere. Oinezkoentzat eta txirrindularientzat ibilbide erakargarria izango da, naturarekin eta ondarearekin lotura estua izango duena.
Martxan da Bidegiren zentro berria, Bergarako Ondartza baserrian.
2025eko maiatzean ireki zen, eta 7.000 erabiltzaile baino gehiago pasatu dira denetariko kontsultak egitera. Bisitari kopurua bailaran ekarpena egiten duen seinale dela uste dut.
Abiatu moduko deskontu sistema bateratua posible ikusten duzu?
Erabiltzaileentzat ona izango litzateke, baina ez da erraza. Hiru lurraldeek sistema propioa daukagu: Arabako tartea laburra da, Gipuzkoako tarteak errepide sare guztia hartzen du eta Bizkaiak antzeko sistema du. Zailtasun tekniko eta administratiboak ditu, baina aurrera begira posible izateko lanean jarraitzen dugu.