1966tik gaur egun arte Almenetik igaro diren ikasle, familia eta langileek egun berezia biziko dute ekainaren 13an. Iruten izeneko herri-krosa eginez hasiko dute eguna, 09:30ean –izen-ematea oraindik zabalik dago–, Aretxabaletatik Eskoriatzara joanda, Almenen bukatzeko. 10:00etatik 14:00etara bitartean, Almeneko egungo komunitateko kideek gidatuta, bisita emozionalean hartuko dute parte iraganean komunitate hori osatu zuten irakasle, guraso eta ikasle ohiek, gunea zenbat aldatu den ikus dezaten. 11:00etan haurrentzako Iruten krosa egingo dute, nagusiena baino laburragoa, eta helduentzako jolasak ere izango dituzte hizpide.
12:00etan, nahi duenak Torrebasoko igoeran parte hartu ahal izango du bizikletan; Almenera iritsi eta ekitaldi nagusia hasiko dute jarraian. Horren ostean, haurrek askotariko jolas eta tailerrak izango dituzte eskura, eta, bestetik, Almeneko egungo eta iraganeko ikasleek hainbat kontzertu emango dituzte, batzuek haien jatorrizko taldeekin, eta beste batzuek egunerako propio sortu duten taldeekin. Arratsaldean jarraipena izango dute zuzeneko emanaldi horiek. Aipatzekoa da ikasle talde batek urteurrenerako abestia sortu duela, eta sarean entzungai dagoela dagoeneko.
Bazkari erraldoia egingo dute Almeneko kiroldegi barruan eta inguruan, mahairen bueltan adin guztietako 1.000 lagun elkartzea espero baitute antolatzaileek.
Mugikortasuna errazteko, garraio zerbitzu bereziak egongo dira eskura. DG10 lineak ohiko zerbitzuak indartuko ditu Bergara, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza lotzeko. Horrez gain, parte-hartzaileei beheko poligonoetan aparkatzea eta ahal dela oinez edo bizikletaz igotzea gomendatu diete. Ibilgailu partikularrek ezingo dute Torrebasotik gora igo, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen kasuan izan ezik.
Egungo balioak, "hasierakoen berberak"
Urteurrenak atzera begiratzeko eta Almenen historian zehar egindako ekarpenak aitortzeko ere balioko du. Leire Arana irakaslearen esanetan, mundua asko aldatu bada ere, ikastolaren oinarrian dauden balio eta ikuspegi askok bere horretan jarraitzen dute: "Almen herritarren ekimenari eta auzolanari esker sortu zen, euskararen normalizazioa eta hezkuntza propioa eraikitzeko garaian. Urte hauetan guztietan hainbat proiektu berritzaile sustatu dituzte bertatik: ikastolen mugimenduaren parte izatea, emakumeen kirola bultzatzea, Galartzako natur eskola proiektua, lehen bertso eskola, udaleku sarearen sorrera edo kooperatiba eredurako bidea, besteak beste".
Nabarmendu duenez, gaur egungo hezkuntza proiektuak ere izpiritu beretik edaten du. Horren adibide dira "konfiantzaren pedagogian oinarritutako hezkuntza eredua, komunitatearen auzolana, ikastolen arteko elkartasun ekimenak edota baso-eskola moduko proiektuak".
Ildo horretan, etorkizunera begira, Almenen historiaren eta haren eragin sozial, kultural eta hezitzailearen inguruko ikerketa sakonago bat sustatzeko asmoa ere iragarri dute, unibertsitate mailako azterketa baten bidez.