Aretxabaletan duen Hazia yoga zentroan, lurrean eserita, erantzun ditu GOIENAren galderak Anne Rösselek (Schlema, Ekialdeko Alemania, 1983). 2013an etorri zen Aretxabaletara, eta Eskoriatzan bizi da gaur egun.
Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Ez daukat oroitzapen txarrik. Haurra nintzen Berlingo Harresia erori zenean [1989]. Denok antzeko maila ekonomikoa geneukan, eta nire haurtzaroa nahiko ona izan zen. Helduendako, ordea, beste kontu bat izan zen. Anbizioak bazenituen edo mundua ezagutu nahi bazenuen, ez zegoen modurik. Herrialde bezala, kartzela hutsa zen. Umetan ez neukan sentsazio hori. 6 urterekin hasi nintzen eskolan, eta lehendabiziko urtean uniformea jantzi eta herrialdeko ereserkia abesten genuen. Esango nuke okerrena aldaketa izan zela.
Zergatik?
Mugak ireki eta ezagutzen ez genuen guztia iritsi zen. Aldaketa handiak gertatu ziren. Batzuk, onak; adibidez, dirua sartu zen hiriak berreraikitzeko. Baina, beste alde batetik, drogak ere sartu ziren. Ekialdeko Alemanian, behintzat, oso ohikoa zen gazteek alkohola edan eta erretzea. Droga kontsumitzea gazteen beste kontu bat zela zioten. Gure belaunaldian gazte asko erori ziren droga-kontsumoan. Jendea pozik zegoen libre zelako, baina aldaketa handia eta bat-batekoa izan zen.
Noiz arte bizi izan zinen han?
Ahal nuen bezain laster utzi nuen Alemania, ez bainaiz inoiz oso alemaniar sentitu. Ez dakit esaten zergatik, baina ez neukan lotura handirik herrialdearekin. Ikasketak amaitu nituen udan, 19 urterekin, Kaliforniara (Ameriketako Estatu Batuak) joan nintzen, au pair, urtebeterako.
AEBetan urtebete; ondoren, zer?
Alemaniara itzuli nintzen. Gero, Herbehereetan Nazioarteko Finantzak eta Kudeaketa ikasi nuen. Lehen seihilekoan euskaldun bat ezagutu nuen, gaur egun nire bikotekidea den Aritz, eta maitemindu egin ginen. Joan-etorriak egiten zituen, baina nik egonaldia egin behar nuen Australian eta nirekin etorri zen. Lau urtez bizi izan ginen han.
Itzultzea erabaki zenuten, ordea.
Konturatu ginen kultura falta zitzaigula. Australia oso herrialde gaztea da, kultura askotariko jendea joaten da, eta sentitzen nuen oinarria falta zitzaidala. Jatorrizko australiarrik ez da geratzen. Dirua aurreztu eta Asian bidaiatu genuen. Denbora batez Alemanian egon ondoren, Aretxabaletara etorri nintzen 2013an, eta Eskoriatzan bizi gara egun.
Zailtasunik izan duzu?
Hasieran, lagunak egitea. Beste inon ez zait horren zaila iruditu. Kuadrillen kontzeptua ez nuen ezagutzen. Hemendik kanpo, jendearekin zerbait daukazu komunean eta lagun egiten zara. Hemen lagunak bai, baina ez ziren harreman sakonak.
Zer gustatzen zaizu Leintz bailaratik?
Batik bat, natura. Mendi asko daude, eta Schlemaren antza dauka. Asko gustatzen zait goizean leihoa ireki eta berdetasuna ikustea.
Euskaraz eta gaztelaniaz, nahasketa
Euskal Herrira iritsi zenean euskara eta gaztelania ikasten hasi zen, baina nabaritu zuen biak nahastu egiten zituela. "Espainia hegoaldera joan ginen oporretan, eta euskal hitzak sartzen nituen. Jendeak ez zidan ulertzen. Erabaki nuen lehendabizi gaztelania ikastea eta aurrerago euskara", dio. Adierazi du "nagusitan" ikasi dituela ingelesa eta gaztelania, eta menperatzen dituela. Dioenez, euskarak ez dauka antzekotasunik beste edozein hizkuntzarekin; asko kostatu zaio ikastea.
Etxean hiru hizkuntza
6 urteko semea dauka, eta etxeko hizkuntza ingelesa dela dio: "Hirurok batera gaudenean, ingelesez hitz egiten dugu; nik semearekin alemanez hitz egiten dut, eta Aritzekin euskaraz egiten du. Guretzat normalena da. Txikientzat oso erraza da. Txikitatik daki norekin ze hizkuntzatan hitz egin, eta bazekien itzultzen ere. Adibidez, semeari alemanez esaten nion amonari galdetzeko zerbait non zegoen, eta hark euskaraz galdetzen zion. Oso polita da hori ikustea, eta, era berean, harritu egiten nau", azpimarratu du Rösselek.