ALBISTEAK

Mugikortasun eredua "berritzeko" erronka dauka Mankomunitateak

Mireia Bikuña 2026ko ekainaren 2a

Debagoieneko mugikortasunaren diagnostiko teknikoa aurkeztu du Mankomunitateak, "eskualdeko mugikortasunari buruzko errealitatea datu eta ikuspegi teknikoetatik aztertzeko helburuarekin". "Eredu zaharkitua berritzeko" beharra dagoela ondorioztatu du Intza Trafiko Ingeniaritza SL-ek egindako txostenak eta hori horrela Mankomunitatearen hurrengo urratsa izango da Mugikortasun-mahaia osatzea. 

Debagoieneko udalak tokian toki egiten ari diren mugikortasun lanketen osagarri izan gura duen azterketa dela nabarmendu du Mankomunitateak. Era berean, diagnostikoak mugikortasunaren “argazki osoa” eskaintzen duela azpimarratu dute.

Mugikortasun-mahaia eratzea ezinbestekoa den heinean, eragile ezberdinekin hartu emanetan ipiniko da Mankomunitatea datozen asteetan. Beti ere, kontuan hartuta diagnostikoak utzi duen beste ondorioetako bat: Debagoiena ez dela homogeneoa mugikortasunari dagokionez, alegia.

Azkenik, lau arrakala estruktural identifikatu dituzte, planak heldu beharrekoak: lurralde-arrakala (periferiaren isolamendua), arrakala soziala (autoa ez dutenen bazterketa), genero-arrakala (gizonezkoek, oro har, lanera joan-etorria egiten dute eta emakumeek bidaia bat baino gehiago, haurrekin ikastetxera, ospitalera...) eta arrakala digitala (adinekoentzat teknologia oztopo bilakatzea).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak