Babestutako 750 etxebizitzatik gora egiteko plana aurkeztu dute jeltzaleek

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko maiatzaren 14a

Debagoieneko hainbat ordezkari jeltzale, atzo, Antzuolan. ibai irasuegi

EH Bilduren agintaldietan sustapena "hutsera" jaitsi dela salatu dute, eta "proposamen zehatzak" egin dituzte.

Bailarako hainbat ordezkari jeltzalek agerraldia egin zuten atzo Antzuolan. Bailaran babes publikoko 750 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko proposamena egiten duen "asmo handiko" Plan Integrala aurkeztu zuten. Azaldu zuten babestutako etxebizitzen sustapena "hutsera" jaitsi dela eta "EH Bilduren udal gobernuen ekintzarik eza" eta "paralisia" agerikoa dela. "Debagoieneko etxebizitza eskariak gora egiten jarraitzen du, erantzun eraginkorrik gabe. Arrasatek, Aretxabaletak, Antzuolak eta Bergarak ia deusezak diren esleipen-indizeak dituzte", esan zuten, eta gaineratu Antzuolako, Aretxabaletako, Bergarako, Elgetako, Eskoriatzako eta Oñatiko udalerriek ez dutela etxebizitza babestu amaiturik erregistratu 2017az geroztik.

Hamar urtean 750 etxebizitza

Jeltzaleek posible ikusten dute hamar urteko epean 750 etxebizitza baino gehiago eraikitzea. Aurkeztu duten Plan Integralak jasotzen du Arrasateko Mesedetakoenean eta Polmetasan 166 etxebizitza egiteko aukera; Oñatiko Lazarraga, Kurtzekua eta Kurtiderixian 354 etxebizitza garatzea; Eskoriatzako Santa Marina eta San Juan kaleko eremuan 100 etxebizitza publiko eraikitzea; Elgetako Torrealdean 24 etxebizitza egitea; Bergarako Miguel Altuna eraikin zaharrean etxebizitza publikoak sortzea; eta Antzuolako zein Aretxabaletako lurzoru urbanizagarriak aktibatzea etxebizitza berriak eraikitzeko. Etxebizitza horietako kopuru handi bat alokairu babestutakoak, tasatuak edo babes ofizialekoak izatea proposatzen dute jeltzaleek.

Bergaran, Migel Atunaren eraikin zaharrean

Bergarako gazteen etxebizitzaren inguruko kezka gero eta handiagoa den testuinguru
honetan, EAJko Udal taldeak proposamen  zehatz bat aurkeztu du arazoa
konpontzen hasteko: "EH Bilduren udal gobernuak urteetan ezer egin gabe egon ondoren, eta udalerrian etxebizitza publikoak eraikitzeko irtenbide eraginkorrak eskaintzeko gai izan ez denez, EAJk Miguel Altuna eraikin zaharrean etxebizitzak eraikitzea proposatu du", esan du ohar bidez. 

EAJko Bergarako bozeramaile Kepa Sebal Lazpiur zera gaineratun du: "EH Bilduren Bergarako gobernuak ekintzarik eza eta proposamen zehatzik eza izan ditu ezaugarri. Etxebizitzaren eta eremu tentsionatuaren garrantziaz hitz egiten jarraitzen duten bitartean, urteak pasatzen utzi dute benetako irtenbide bat eskaintzeko ezer eraginkorrik egin gabe".

Gazteen beharretara egokitutakoak

Hori horrela, Bergarako jeltzaleen etxebizitzaren arazoa konpontzeko lehenengo ekimena aurkeztu du. "Proposamenaren barruan Oinarrizko Etxebizitzaren eraikin zaharraren orubea prestatzea dago. Proiektu horrek lehentasuna ematen dio gazteen beharretara egokitutako etxebizitza publikoak, tasatuak edo libreak eskaintzeko beharrari. Herritarren benetako beharrei erantzungo dieten proiektuak martxan jarriko dituen gobernu bat behar dugu, ez teorian eta promesa hutsetan geratuko dena", azpimarratu dute

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak