Badira zenbait egun Taupa euskaltzaleen mugimenduak martxan jarritako Eusfera ekimenak Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan isla duela; baita Debagoeienan ere. Arduradunen esanetan helburua da erakustea euskara ez dela ikastetxeetan bakarrik erabiltzeko hizkuntza eta hori horrela, 0 eta 12 urte arteko umeek eta haien familiek elkarrekin euskaraz parte-hartu eta gozatzeko Euspazio deituriko 146 elkargune sortu dituzte.
Arrasaten dagoeneko horietako hainbat egin dituzte; asteburuan, esaterako, jolasak egin zituzten Altamiran eta Musakolan eta astelehenean, ipuin kontaketa Txaetan. "Umeek bizi duten atmosfera euskalduna izatea da zaintzea nahi duguna. Horretarako gure aletxoa jarri behar dugu denok, bai gurasoek eta baita herriak, Udalek eta komunitateak ere. Azken finean, gurasoak gara eredu; umeak esponja batzuk moduan dira, ikusten dutena egiten dutenak, eta horretaz kontziente izan behar dugu"; azaldu du Arrasateko Geikeko talde motorreko Leire Zugastik.
Arrasaten beste bi Euspazio izango dira ekimenaren baitan: gaur, eguaztena, ipuin kontaketa liburutegian eta bihar, eguena, mahai jolasak Santa Barbarako ur parkean.
Bergarak ere hainbat Euspazio izango ditu: astean zehar herriko hiru ikastetxeetan herri kirolen probak antolatu dituzte eskola orduetatik kanpora eta egubakoitzean Bost baietz lehiaketa egingo dute helduek eta haurrek osatutako taldeetan. 'gaztejardun@topagunea.eus’ helbidean eman behar da horretan parte hartzeko izena.
Etxeko misioak
Dena den, udalerri batean Euspazio-rik antolatu ez bada ere, edonork du, etxeko misioen bidez, Eusfera-n parte hartzeko aukera. "Misioetan planeta ezberdinak daude, eta plantea bakoitzak proba edo erronka batzuk planteatzen ditu, izena eman duten familiek gainditu behar dituztenak", adierazi du Bergarako Jarduneko aisialdi arloko Saioa Garitanok. Hemen kontsultatu daitezke bai Euspazioa-k eta baita misioak ere. maiatzaren 17ra arte egongo da martxan Eusfera ekimena.