ALBISTEAK

ERREKA Medical sortu dute, osasun arloan aurrera egiteko asmoz

Julen Murua Mesonero 2026ko maiatzaren 5a

ERREKAren laugarren negozioa izango da, eta automozioan, energian eta mugikortasunean oinarritutako negozioak izanda, osasunaren arloan murgildu nahi izan du oraingoan, merkatuko gora-beherak orekatzeko asmoz.

ERREKAko zuzendari orokor Arkaitz Etxezarretak onartu du "oso pozik" daudela ERREKA Medical sortu izanagatik eta nabarmendu du, aurretik sortuta duten hiru negozioen ostean, "etorkizun handia duen laugarren bat" sortu dutela. Gorka Mendiaraz izango da ERREKA Medical negozio unitateko zuzendaria, eta hark dioenez, gailu medikoei oso lotuta dago negozio berri horren jarduna; bereziki, "mikrofluidika duten gailuei". "Jakintza handia zegoen hemen mikrolikidoen gaiari dagokionez. Ildo horretatik jarraituko dugu, bai behintzat hasieran. Lan teknologiko eta zientifiko handia dago honen atzetik diagnosi asko egiten direlako, eta lan ildo hori jarraitzea izango da gure egitekoa", gaineratu du.

Erabaki estrategikoa

ERREKA enpresarentzat zein MONDRAGON taldearentzat "estrategikoa" den sektore bat dela dio Etxezarretak, eta automozioan, energian eta mugikortasunean oinarritutako negozioak dituztela kontuan izanda, "guztiz ezberdina den eta merkatuko gora-beherak orekatzen dituen negozio bat" dio ERREKAko zuzendari orokorrak. Hori ez ezik, mendikuntzako elementuekin lan egitean,"inpaktu sozial handia" duen proiektua dela dio Mendiarazek.

Helburuak finkatuta

ERREKA Medical enpresaren 2028rako aurreikuspena da "fakturazioa 5 milioi eurora iristea eta bezeroak enpresa berriak izatetik, dagoeneko egonkortuta dauden enpresa ertainak izatera igarotzea". Halere, helburu guztien gainetik, "hazkundea eta ezagutzera ematea" nabarmentzen ditu zuzendariak, eta hori lortzeko "ziurtagiriak lortzen, azoketara joaten eta jendeari proiektua ezagutarazten lan handia" egingo dutela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak