ALBISTEAK

Maskaradak "politak eta herrikoiak" direla aitortu dute debagoiendarrek

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko apirilaren 28a

Goiena Komunikazio Taldearen eta Jardun, AED eta Loramendi euskara elkarteen ekimenez, 25 Goienakide eta euskara elkarteetako bazkide Zuberoara joan ziren joan den zapatuan, aurtengo azken maskarada bertatik bertara jarraitzeko. Horietako askorentzat, gainera, lehen aldia izan da.

Apirilaren 25ean, zapatua, egin zuten Zuberoan aurtengo azken maskarada. Goizeko barrikadak Zalgizen eta Mendikotan egin zituzten eta arratsaldeko saio nagusia, aldiz, Mendikotan. 

Kantua, dantza eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna da maskarada, urtarriletik apirilera asteburu guztietan egiten dutena, eta 25 Goienakide eta euskara elkarteetako bazkidek aukera izan zuten jai hori bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Horietako batzuek aitortu dute, gainera, lehen aldiz egon direla ikuskizunaz gozatzen. Beste batzuek, esperientzia gehiago dute.

Goizeko barrikaden ostean, dantzariekin argazkia ateratzeko aukera ere izan zuten eta, oro har, esperientzia polita izan dela adierazi zuten irteeran parte hartu zuten debagoiendarrek. "Oso polita eta herrikoia" dela azaldu du Migel Egaña oñatiarrak, eta zera gehitu du Mireia Arteaga bergararrak. "Horren urrun ez gauden arren, euskaldunon artean ere ezberdinak garela ikusi dut, eta oso polita da hori".

Goienak AEDrekin, Loramendirekin eta Jardunekin elkarlanean halako irteera bat antolatzeari buruz galdetuta, Egañak zera nabarmendu du. "Ez nekien Goienak halako irteerak antolatzen zituenik eta, egia esan, oso ondo iruditzen zait. Gure herriko kultura gehiago ezagutzeko balio du eta asko ikasten da halako ekimenetan". Arteagak, halaber, gazteak animatu gura izan ditu halakoetan parte hartzera. "Ezagutu beharreko zerbait da".

Irteerak antolatzearen garrantzia 

Eusebio Arexolaleiba aramaioarrak, bestalde, "benetan txalotzekoa" dela azpimarratu du halako irteerak antolatzea. "Are gehiago, pastorala ikustera joateko irteera ere antolatu beharko litzateke. Azken batean, guztiok familia bat garelako, hangoak zein hemengoak". Egañak, era berean, proposatu du historiari eta memoriari lotutako espazioetara bisitak egitea eta Arteagaren proposamena, azkenik, mendi irteerak antolatzea izan da.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak