Euskal Herriko txoko askotan bezala, Arrasate, Bergara, Oñati eta Aretxabaletako supermerkatuetan izan dira EHKSko kideak herritarren ekarpenak jasotzen, aurreko astetik Ikasle Antolakunde Sozialista eskoletan egiten dabilen kanpainarekin bat eginez. Goiz osoan zehar kaxa ugari bete dituzte osasun, higiene, kirol, eskola eta garbitzeko materialekin eta elikagai osagarri eta ez-galkorrekin. Oñatin, esaterako, hiru bilketa-puntutan batutakoa Antixena gaztetxera eraman dute, aretoaren zati handi bat betez.
Kubak gaur egun bizi duen egoera gogorraren aurrean, solidaritatea erakusteko kanpaina izan dela adierazi du Beñat Ugalde EHKSko kideak: "AEBren blokeoa iraultza hasi zenetik jasaten ari dira kubatarrak, baina egoera larritu egin da Trump bere joera inperialista gogortzen hasi denetik. Gainera, Venezuelako herriari egindako erasoaren ostean, egoera humanitarioak txarrera egin du, baliabide eta petroleo apurrak iristen ez direlako. Kuba beti izan da erreferente internazionalista herrialde bezala, trukean ezer jaso barik eman duena. Pandemian medikuak joan ziren hainbat herrialdetan osasun arreta ematera, esaterako. Oraingoan guri dagokigu Kubari laguntzea. Horregatik jarri dugu martxan kanpaina".
Irati Abarrategi EHKSko kideak adierazi du espero zutela erantzun ona jasotzea, baina ez hain handia: "Bi orduan bost kaxa janari, bi higiene kaxa, olio kaxa oso bat eta arropa eman dizkigute bilketa-puntu bakarrean, baita eskudirua ere".
Astelehenean Euskadi-Cuba erakundeari emango dizkiote dohaintza guztiak, Karibeko herrialdera eraman dezaten, kubatarren eskuetara iristeko.
