Elkarteko kideek adierazi dutenez, hitzaldiaren jatorria Udaleko teknikarien interesetik sortu zen. Izan ere, Debagoieneko beste herri batzuetan egindako ibilbidea kontuan hartuta, Bergaran euren lana aurkezteko gonbita jaso zuten. "Berdintasun teknikariak gure lanaren berri izan zuen, eta Bergaran aurkezteko interesa agertu zuen".
Haien saioak herritar guztiei zuzenduta daudela nabarmendu dute. "Hitzaldietara mutil gazteak etortzea gustatzen zaigu, kontzientzia har dezaten nola sentitzen garen halako egoeretan. Baina, batez ere, emakumeengana iritsi nahi dugu, jakin dezaten gurekin konta dezaketela eta erreparazioa badagoela".
Ikusezinak diren hainbat gauza
Saioan indarkeria matxistaren ikuspegi zabala eskaini dute, bereziki ikusezin geratzen diren alderdiei erreparatuta. Azaldu dutenez, gizarteak sarritan etxe barruko indarkerian jartzen du arreta, baina hortik kanpo hasten diren prozesuak ere gogorrak izaten dira. "Etxetik ateratzen zarenean hasten da beste infernu bat; askotan, lehenengoa baino gogorragoa".
Testuinguru horretan, instituzioekin izandako esperientziak eta prozesu judizialetan topatutako oztopoak aipatu dituzte. Salaketa askoren amaiera artxibatzea izaten dela ohartarazi dute, eta horrek gizartean dituen ondorioak azpimarratu dituzte. "Salaketa asko artxibatu egiten dira, froga faltagatik, eta horrek ez du esan nahi gertatutakoa faltsua denik". Egoera horrek, gainera, indarkeria matxistaren biktimen kontrako susmoak elikatzen dituela gaineratu dute.
Bestalde, indarkeria ekonomikoaren pisua ere nabarmendu dute. Etxetik ateratzean emakume askok karga ekonomiko osoa bere gain hartu behar izaten dutela azaldu dute, seme-alabak eta etxebizitza barne. "Horrek autonomia berreskuratzea zailtzen du askotan. Emakumeak hipotekaren erdia ordaintzen badu, baina tratu txarrak ematen dituenak ez badu bere zatia ordaintzen, bankuak biak enbargatu ditzake".
Entzute aktiboa oinarri
Elkartearen jardunean entzute aktiboa da ardatz nagusietako bat. Biktimari epairik gabe entzutea eta konfiantzazko espazioa eskaintzea dute helburu, nork bere erritmoan hitz egin dezan. "Epairik gabe entzuten dugu, eta nahi duen neurrian hitz egiteko aukera ematen diogu bakoitzari". Horrez gain, erakundeekin harremanetan jartzen laguntzen dute, prozesuan zehar laguntza praktikoa eskainiz. Lan horren beste ardatz bat zubi-lana da, biktimen eta instituzioen artean. Elkarteko kideen hitzetan, sisteman dauden hutsuneak identifikatzeko eta hobekuntzak bultzatzeko balio du: "Gu gara, neurri batean, biktimen eta instituzioen arteko zubia".
Debagoieneko egoera
Debagoieneko egoerari buruz ere hausnartu dute. Indarkeria matxista gertuko errealitatea dela azpimarratu dute, eta ez dela urruneko fenomenoa. "Askok uste dute hau beste leku batzuetan gertatzen dela, baina hemen bertan ere bada errealitate", ohartarazi dute.
Era berean, salatzen diren kasuak benetako kopuruaren zati txiki bat direla nabarmendu dute. Azken urteetako esperientzian oinarrituta, herri batzuetan kasu kopurua bereziki handia dela azaldu dute: "Deigarria egiten zaigu Eskoriatzan kasu asko agertzea, biztanleria txikiagoa izan arren".
Halaber, datu esanguratsu bat ere eman dute: "Ekainetik irailera bitartean, astean biktima bat izan dugu Debagoienean. Gogoraraz behar da indarkeriaren %10 eta %20 artean baino ez dela salatzen urtean".
Sare sozialak eta Internet
Gaur egungo gizarteari buruz hitz egitean, sare sozialen eta Interneten eragina nabarmendu dute. Izan ere, "inoiz baino gizarte matxistagoa eta arriskutsuagoa" antzematen dute egun. "Sare sozialek kalte handia egin dute, eta kezka handia sortzen digute", adierazi dute. Bereziki azpimarratu dute adingabeek eduki pornografikoetara sarbide erraza izatea. "8 urteko haurrek pornografia ikusteko aukera izatea oso kezkagarria da, eta normalizatuta dagoela dirudi". Gaineratu dutenez, gaur egungo pornografia "bortitzagoa" da eta "ez du zerikusirik aurreko belaunaldiek bizi izandakoarekin".
Kontzientziazio beharra
Azkenik, herritarren artean hausnarketa sustatzeko beharra azpimarratu dute. Indarkeria matxista gizartean oraindik presente dagoela gogorarazi dute, eta horri aurre egiteko kontzientziazioa eta inplikazioa ezinbestekoak direla.
Hitzaldiaren helburua eztabaida piztea eta sentsibilizazioa sustatzea izan da. Bertaratutakoak tratu txarrak jasan dituzten emakumeen egoeran kokatzen saiatu dira, bereziki bakardadearen eta ziurgabetasunaren sentipenean. "Guk bizi izan dugun egoeran, bakarrik eta beldurtuta sentitzen zara. Jendeak hori ulertzea nahi dugu", ondorioztatu dute. Azkenik, zera azpimarratu dute: "Emakumeek jakin dezatela gurekin konta dezaketela, haiekin gaudela".