ALBISTEAK

'Peixoto'-ren aitzakian, belaunaldi bat hizpide

Txomin Madina Milikua 2026ko apirilaren 17a

Olaso Dorrea Fundazioak antolatuta, Jose Manuel Pagoaga Peixoto ezker abertzaleko militante eta ETAko kide historiko arrasatearra izan dute hizpide Bergaran  egin duten hitzaldian.

Joxe Manuel Pagoaga "Peixoto", etsipenetik itxaropenera solasaldia egin dute Bergaran Olaso Dorra Fundazioak antolatuta.  Ekitaldiak piztu du interesa, eta arrasatear ugari ere egon dira bertan hizlariek esandakoak jarraitzen.

1944an Muskaola auzoan jaiotakoa,  1971z  geroztik bizitoki zuen Iparraldean hil zen Peixoto iazko abenduan. Ekitaldiaren gidari lanak egin dituen Iñaki Altunaren esanetan, haren figura bakarrik ez, belaunaldi oso bat gogora ekartzea izan da hitzorduaren helburua: "Euskal Herrian bizitako garapena ikustea da helburua. Azken finean, Peixoto egoera oso gordin bat bizi izan zuen belaunaldi batekoa da, Euskal Herria hilzorian  zegoenekoa. Hortik bide bat egin da, eta bide hori aprobetxatu dugu belaunaldi batez eta bide batez hitz egiteko".

Arrasatearraren figuraren puzzlea osatzeko Peixoto umetatik ezagutu zuen Batasunako ordezkari Xabier Larralde;Jon Irazola iheslaria; eta Peixoto-ren anaia Luixito Pagoaga  izan dira solasaldian hitza hartu dutenak. "Plazer handi bat izan dugu berarekin batera ibiltzean. Asko ikasi dugu. Bere zorroztasunari eta euskara mailan egindako lanari esker. Familia bezala oso harro gaude beraz; bere egoera kaskarrenetan ere beti jakin izan zuen aurrera egiten", azaldu du Luixito Pagoagak.

Askotariko ikuspegiak

1979an, Batallon Vasco Españolen atentatu baten ondorioz, ikusmen gehiena galdu zuen Peixoto-k. Eta horrek, Jon Irazolaren esanetan, izan zuen eragina arrasatearraren  militantzian: "Berak ez zuen atentatua izan zuenik esanetan, mina hartu zuela baizik. Bere konbentzimenduan eta borondatean are gehiago indartu zuen. Bistan da bere ezintasun fisikoek beste plano batetara joatera behartu zutela. Horrek, era berean, beste gaitasun batzuk ere eman zizkion: berehalakotasunean bizi beharrean, atzera pauso bat eman eta gauzak beste foku batetik ikusteko gaitasuna, adibidez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak