Goienak Mankomunitatetik jasotako datuen arabera, 2021etik gaur egunera arte, 104 erreketa izan dira, guztira; 280 edukiontzi erre dira; eta kalte ekonomikoa 306.158 eurokoa izan da.
Iazko urtea, okerrena
Iazko urtea izan zen okerrena: 42 erreketa izan ziren, 119 edukiontzi kaltetuz eta 131.990 eurora arteko gastua suposatuz; Aretxabaleta izan zen kasu gehien erregistratu zituen herria. Bertan ez ezik, Arrasaten, Eskoriatzan, Bergaran eta Elgetan ere izan dira erreketak, eta, bost urte pasako denbora tartean, Arrasaten izan dira gehien.
Horrek guztiak suposatzen duenaz jabetzeko beharra azpimarratu du Mankomunitateko presidenteak.
Edukiontzi metalikoen aukera
Bailara osoan 200 bilketa-puntu baino gehiago daude eta horietan guztietan zaintza bermatuta izatea oso zaila dela adierazi du Mankomunitateko presidenteak.
Jakinarazi duenez, sua pizten den kasuetan automatikoki itzaltzeko sistema duten edukiontziekin ere egin dute froga, baina "eraginkortasun txikia eta kostu handia" dutela azaldu du. Aukera hori ere baztertuta, plastikozko edukiontziak metalikoengatik ordezkatzea izan da hartutako neurrietako bat, horrek ekonomikoki suposatzen duenarekin; izan ere, plastikozko edukiontzien batez besteko prezioa 940 eurokoa da; eta, metalikoena, 1.759koa. Eta badituzte beste muga batzuk ere, Elkorobarrutiak azaldu duenez: "Zarata ateratzen dute, eta organikoarentzat, adibidez, ez dira oso egokiak".
39 metalezko edukiontzi jarri dituzte, jada, baina, papera eta ontzi arinak batzeko edukiontzi guztiak aldatzekotan, 442 gehiago beharko lirateke.
Kontzientziaziorako deia
Gaiarekin kezkatuta, Mankomunitatetik EH Bildurekin edota EAJrekin ere hitz egin dutela azaldu du eta arazo sozial baten aurrean gaudela erantsi. Kontzientziazio lanerako dei egin du.