Badira 45 urte Antzuolan saneamendu kolektorea egin zutenetik, baina Bergarako Deba erdiko hodi-biltzailearekin egin beharreko loturaren faltan, hondakin eta industria isurketa guztiak Arizti baserriaren inguruan –Matz Erreka alboan– errekara isurtzen ziren.
Lotura egiteko eskaera "historikoa" izan da, baina proiektuaren hirugarren eta azken faseak eragin du atzerapena, Galartza auzoko zubitik Bergarako Urteaga kaleko industrialdera artekoak, alegia, herri bien arteko bidegorriaren lanekin batera egin behar zutela eta. 2010ean hasi ziren proiektua planifikatzen, baina hainbat berrikuspen izan ditu, orduz geroztik, 2024an Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ura Agentziak eta Gipuzkoak Urak-ek lankidetza-hitzarmena sinatu zutenera arte.
Lanek 2,7 milioi eurotik gorako kostua izan dute eta Jaizubia Obrak eta Moyua Eraikuntzak enpresek egin dituzte, zortzi hilabeteko epean.
Azken fasearen zain
Herri biak bidegorriz lotzeko, Foru Aldundiak ez ezik, Bergarako Udalak ere badihardu lanean. Ibargarai kaleko autobus geltokitik Urteaga kaleko etxeak bukatzen direnera arteko zatia egin du, faseka, eta Urteaga kaleko Arregi Aroztegi zaharraren aurretik pasatzen den zatia geratzen da orain egiteko; bosgarren eta azken fasea izango da. Egungo errepidearen errail bat bidegorria izatera pasako da, eta semaforo batek bideratuko du ibilgailuentzako errail bakarreko zirkulazioa bi noranzkoetan.
Aurtengo aurrekontuan jasota dago lan horietarako diru-partida, eta, aurreko faseetako lanekin egin moduan, oraingoan ere egingo dute diru-laguntza jasotzeko eskaera. Udalaren asmoa da datozen egunetan aurkeztea proiektua lurralde batzordean; eta, horren ostean, behin onartu eta gero, jakinaraziko ditu xehetasunak.
Hasi da jende-mugimendua
Tarte hori salbu, amaituta dago bidegorria, eta hasita dago oinezkoen zein txirrindularien mugimendua ere. Pozik daude erabiltzaileak, eta balorazio positiboa egin du Antzuolako alkateak ere, euren herriak Bergararekin duen harremana zein den ikusirik.