ALBISTEAK

Barnealdeko turismoaren gorakadari eusteko eskaintza opor egunetan

Xabier Urtzelai 2026ko apirilaren 1a

Gipuzkoako hiriburuko datuekin alderatuta, barnealdean hazten dabil turismoa. Bailarako udal zerbitzuek aisialdirako eta tokiko ondarea hobeto ezagutzeko hainbat proposamen egin dituzte, besteak beste, bisita gidatuekin.

Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) arabera, pandemiatik hona Gipuzkoako barnealdea geroago eta turista gehiago hartzen dabil urtero, eta Debagoiena ez da salbuespen. "Datuek erakusten dute 2019tik hona bertako ostatuetan igoera nabarmena izan dela –2020a salbuespena da, pandemiagatik–; kostaldean eta Donostian gorakada horrek etena izan du, baina lurraldearen barnealdean alderantzizko joera izan dugu", dio Oñatiko Turismo Bulegoko Ikerne Altubek. Hain zuzen, azken bi urteetan, Donostian turismoaren hazkunde oso handia izatetik –bereziki, 2024an, nazioartetik etorritako turistekin– egonkortze-fase batera pasa dira; gaur egun, kostaldean erronka nagusia ez da bisitari gehiago erakartzea, baizik eta gehiegizko turismoa kudeatzea eta kalitatea hobetzea.

Gipuzkoako barnealdean 270.000 gaualdi inguru izan ziren iaz; 2019an, 240.000

Gehiago eta egonaldi luzeagoak

Eustaten datuek erakusten dute, berriz, Gipuzkoako barnealdeak 2019an gutxi gorabehera urtean 240.000 gaualdi izatetik 2025ean 270.000 inguru izatera igaro dela; pandemiaren aurreko maila gainditu egin da eta lurraldeko turismoaren hazkunde-motor nagusietako bat bihurtu da. Eta 2022tik honako datuek erakusten dute okupazioa handiagoa izateaz batera turistek egonaldi luzeagoak egiten dituztela. Horren harira, udaberriko jaiegunak gainean dauden honetan, Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Sailak eta bailarako udal zerbitzuek aisialdirako eta tokiko ondarea hobeto ezagutzeko hainbat proposamen egin dituzte, besteak beste, bisita gidatuekin, bertako herritarrei eta kanpotik etorriko diren turistei begira.

Oñatiko Unibertsitatean lanak

Oñatiko unibertsitatean egiten diharduten eraberritze-lanak tarteko, oraingoz ezin dute bertan bisita gidaturik eskaini, baina bada alternatibarik. "San Migel parrokian Xabi Mendizabal zaharberritzaileak garbiketa-lanak bideratu ditu eta iluminazio berria du; hala, badago aukera parrokia beste modu batean ikusteko. Erretaulek beste bizitasun bat daukate, ezberdina da, eta merezi du", diote Oñatiko Turismo Bulegokoek. "Kontuan hartu behar da Ostegun Santuan ezingo dela parrokia bisitatu, meza dagoelako, baina herrigunea bai. Ordubeteko bisita da", gaineratu dute. 

Okupazioa handiagoa izateaz gain, turisten egonaldiak ere luzeagoak dira

Bestalde, jaiegunetan egunero egongo da Txokolateixia bisitatzeko aukera. "Gainera, taldean etorriz gero, bisitariek edozein momentutan eska dezakete Txokolatearen bidea izeneko bideoa erakusteko; berez, ordutegi konkretu bat du bideo emanaldi horrek (12:00, 17:00) baina hitzordua aurrez eskatuz gero badago edozein momentutan jartzeko aukera. Bideoak erakusten du kakaoaren historia, nondik datorren, zein ezagutza dagoen atzean, nola transformatzen den kakaoa txokolate eta zein desberdintasun dauden elaborazio horretan. Txokolatearen Interpretazio Zentroko sustatzaile izan den Anton Azpiazu agertzen da azalpenak ematen, eta zortzi bat minutuko ikus-entzunezkoa da", azaldu dute Turismo Bulegokoek.

Arrikrutzeko kobetan, hilaren 4an, gazteei zuzendutako Espeleolotxiki saioa egingo dute, 15:30ean, eta hilaren 18an, 15:00etan, nagusiendako saioa. Arantzazuko parketxean, apirilaren 3an, Gomiztegira bisita gidatua eta gazta dastaketa izango dituzte, 10:30ean, eta apirilaren 5erako, 6rako eta 12rako Arantzazuko altxor galduen bila antolatu dute (10:30). 

Azkenik, Bergaran ere bisita gidatuak egingo dituzte hilaren 4an eta 11n.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak