Ondo ezagutzen dituzte etxe inguruko errepideak Arriolabengoak zein Lopezek, eta badakite zer nolako etapa izango den Antzuolan hasi eta Bergaran amaituko dena. Azken etapa horretan gertukoak izango dituzte bide bazterrean animatzen, Angiozarren gora, Gorlan gora… 135 kilometrotako ibilbidea izango da, 3.000 metrotako desnibelarekin.
Itzulia gertatzeko Arriolabengoa Sierra Nevadan ibili da entrenatzen, eta, egun hauetan, Kataluniako Voltan; ihesaldi bakarren batean sartu da. Joseba Lopez arrasatearrak, ostera, Andorran hilabete pasa du, Itzulira eta Ardenetara sasoi betean iristeko.
Orain dela 22 urte ere Bergaran
Horrenbestez, 22 urte geroago bailarako bi txirrindulari horiek hartuko diote erreleboa Jon Odriozolari. Izan ere, 2004an Itzulia Bergaran hasi eta amaitu zenean oñatiarra izan zen Debagoieneko ordezkari bakarra.
Jakingo al du Julen Arriolabengoak orduan nork irabazi zuen etapa? Bada, Ibargaraiko zuzenean jotako esprintean Alejandro Valverde izeneko batek Angel Viciosoren eta Rebelin utzi zituen atzean.