ALBISTEAK

Jon Odriozola: "Euskal Herriko Itzulian parte hartzeak sekulako ilusioa ematen zidan"

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 7a

Duela 22 urte Bergaran amaitutako Itzuliko etapa hartan, debagoiendar bakarra izan genuen pelotoian: Jon Odriozola oñatiarra. Kelme taldean zebilen garai hartan, eta, bere taldekide bat, Alejandro Valverde izan zen etapako indartsuena. Gainera, Odriozolaren azken Itzulia izan zen hura, handik gutxira erretiratu baitzen. 

Bergarako etapa hura gogoan du txirrindulari ohiak, baita Valverderen garaipena ere. "Euskal Herriko Itzulian parte hartzeak sekulako ilusioa ematen zidan; gogoan ditut, Bergara, Oñati, Legazpi... lagun ugari ditut herri horietan", dio Odriozolak. 

Hala ere, Itzulira sasoiz kanpo iristen zela ere aitortu du, egun afizionatu mailako Smartlog taldeko zuzendariak: "Beste helburu batzuk izaten nituen buruan; Tourra, Vuelta eta Munduko Txapelketak izaten ziren, eta bost edo sei kilo gehiagorekin iristen nintzen Itzulira". Zuzendari lanetan, arantzatxo hori arintzea lortu du oñatiarrak. Izan ere, 2007an, Euskaltel-Euskadiren zuzendari bezala, Samuel Sanchezekin hirugarren postua lortu zuen. Gerora, Muriasen ere ibili zen. "Euskal selekzioa izan zitezkeen bi talderekin, munduko zalegorik onenaren babesarekin lehiatzea, pribilegioa izan da niretzat", esan du. Odriozolak argi du horrelako lasterketa bat bailarara ekartzeak izan dezakeen inpaktua: "Haur txiki bati, txirrindulariak bertatik bertara ikustean, txirrindulari izateko gogoa piztu dakioke, dudarik gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak