Neguko batez besteko tenperatura 8,87 gradukoa izan da Debagoienean, azken urteetako joerari eutsiz. Euriari dagokionez, nahiz eta une batzuetan irregularra izan, nahikoa izan da bailarako urtegiak egoera onean mantentzeko. Urkulu urtegiak negua normaltasun osoz igaro du, eta azken egunean %99,19ko betetze maila erregistratu zuen. Aixiola urtegia ere gainezka egon da azken asteetan, Neguko azken egunean %100,39ko betetze mailarekin, maximo historikoak urratu zituen. Bertan, otsailaren 16a izan zen euritsuena, metro karratuko 60,7 litro jasota.
Prezipitazioak eta tenperatura
Prezipitazioen banaketa, ordea, ez da homogeneoa izan. Debagoienean batez beste metro karratuko 5,16 litro pilatu diren arren, euriak etenaldi nabarmenak izan ditu. Otsailaren 20tik martxoaren 4ra bitartean, ia bi astez, prezipitazioak oso baxuak izan ziren. Kontrara, otsailaren 14an jaso ziren daturik handienak bailarako hainbat tokitan; Arrasaten, esaterako, 55,9 litro pilatu ziren metro karratuko.
Tenperaturari dagokionez, urtarrileko lehen astea izan zen neguko hotzena. Urtarrilaren 5ean neurtu zen batez besteko tenperaturarik baxuena, Aixolan, -0,2 gradurekin. Elurra ikusteko aukera ere egon da aurtengo neguan. Aitzitik, amaiera aldera tenperaturak nabarmen igo dira: martxoaren 18an neurtu zen neguko egunik beroena, Arrasaten 16,6 graduko batez bestekoarekin. Antzeko balio altuak erregistratu ziren inguruko beste zenbait tokitan ere; Aramaion, Etxaguen auzoan, 17,6 gradura iritsi zen batez bestekoa, Aemeteko datuen arabera.