Euskarazko irakaskuntzan zegoen hutsunea betetzeko sortu zen, 1976an, eta, hezkuntzari, komunikazioari, kulturari, humanitateei eta kooperatibismoari buruzko prestakuntza ematen du egun, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Bilbon dituen campusetan.
Bost hamarkada hauetan, 10.000 ikasle baino gehiago igaro dira haren ikasgeletatik, eta ikasleen enplegagarritasun egokitua % 82koa da Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan, eta % 84koa, Ikus- entzunezko Komunikaziokoan.
"Etengabe berrasmatzen"
Bixente Atxak eta Nagore Ipiñak hartu dute hitza Mondragon Unibertsitatearen eta Huhezi fakultatearen izenean. Duela 50 urte martxan jarritako proiektua "benetan ausarta" izan zela adierazi dute, eta Huhezik Euskal Herrian izandako "eragin zuzenak" erakusten duela eman dituela fruituak. Horrekin batera, "etengabe berrasmatzeko izandako gaitasuna" nabarmendu du Ipiñak; eta "proiektu kolektibo bat izaten jarraitzeko nahia", Atxak, komunitatean azpimarra jarriz.
Digitalizazioa
Azaldu dute proiektuaren muina izan zela eta dela hezkuntza erabiltzea gizartea eraldatzeko, eta digitalizazioari egin diote erreferentzia, esanez "tresna hutsa baino gehiago eragin sakona duen errealitate bizia" dela, eta, horregatik, humanitateek eta humanitate digitalek "gero eta toki zentralagoa" izango dutela etorkizuneko unibertsitateetan; horrela ulertzen dutela eurek.
50 urtetako lanari aitortza
"Euskara, hezkuntza eta kooperatibismoa sendotzeko 50 urteotan egindako ekarpena" aitortu die Imanol Pradales lehendakariak, eta unibertsitateek duten lehen mailako arduran jarri du fokua, esanez bizi ditugun garaietan "aurrerabidea gizabidea ere izan dadin, iparrorratz morala argi finkatzea" inoiz baino beharrezkoagoa dela.
Ordezkaritza zabala
Ekitaldian izan dira Juan Ignacio Perez Iglesias, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua; Begoña Pedrosa, Hezkuntzakoa; Bingen Zupiria, Segurtasunekoa; Nerea Melgosa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikokoa; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Maddalen Iriarte, EH Bilduko Gipuzkoako bozeramailea; Xabier Egibar, Mondragon Unibertsitateko lehendakaria eta Laboral Kutxako zuzendari nagusia; Pello Rodriguez, Mondragon taldeko lehendakaria; eskualdeko zenbait herritako alkateak; eta komunitateko beste hainbat eta hainbat lagun.