Tentsioa eta golak izan ziren protagonista Mondrateren eta Eskoriatzaren arteko partiduan. Tentsioa, kantxan eta harmailetan; eta golak, bi ateetan.
Lehenengo minutuan aurreratu ziren arrasatearrak Eros Chinarrok sartutako golari esker. Zaleak oraindik harmailak berotzen hasi aurretik egin zuen bigarrena Mondratek, Jokin Rayori esker. Bada, arrasatearrek ez zuten denbora asko izan bigarren ospatzeko; izan ere, hurrengo jokaldian, korner erdiraketan batean, Eskoriatzarendako lehena egin zuen Aratz Kortazarrek. Eta, bi minutu geroago, bigarrena, Kortazarrek berak.
Beraz, bi minututan markagailua berdindu zuten eskoriatzarrek, harmailan zituzten zaleen gozamenerako.
Bigarreneko lehena, Eskoriatzak
Aldageletatik bueltan, 23. minutuan, Eskoriatza ipini zen aurretik margailuan, Ander Martinezek egindako golari esker.
Ordurako giroa berotzen hasita zegoen, bai kantxan eta baita zaleen artean. Derbia zenaren seinale. Mondratek ez zuen amore eman, eta lehen zatian Eskoriatzak egindako moduan, bi minututan (28.etik 30.era) bere alde ipini zuen partidua Mikel Morenoren eta Iker Uribesalgoren golei esker.
Hamar minutu geratzen ziren partidua bukatzeko. Denbora gehiegi gol bateko abantailari eusteko. Are gehiago, Eskoriatzak berdindu egin zuen berriro, eta beste behin, Aratz Kortazar izan zen golegile. 34. minutua zen.
Txartel mordoa
Handik aurrera epaileek erakutsitako txartelak izan ziren nagusi. Partidua bukatzear zegoen, eta jokaldi itsu batzuk egon ziren. Azken golaren ostean zortzi txartel atera zituzten epaileek, eta jokalari batzuek gorria ikusi zuten, aurretik ere bazutela beste txartel hori bat.
Baina, kantxan giroa erabat nahastu zen, partiduko azken jokaldiaren ostean. Mondratek gola sartu zuen, partiduaren amaiera adierazten zuen klaxonarekin batera. Epaileek ez zuten gola ontzat eman, eta orduan hasi ziren protestak, bi taldeetako jokalarien artean. Epaileek Mondrateko jokalari Iker Uribesalgori eta Hugo Chinarrori txartel gorria atera zieten, bultza egiteagatik eta irainak esatearren.
Puntua eta txartel gorriak
Lehia bukaeran gustura zeuden berdinketarekin Arkaitz Ribera (Mondrate) eta Mikel Alcaide (Eskoriatza) entrenatzaileak. Azken horrek baina, sentsazio "gazi-gozoa" zuen. "Uste dut minutu askotan hobeak izan garela, eta lehiaren kontrola eduki dugula. Baina, azken errematean gu baino hobeak dira, eta ez dugu jakin abantaila mantentzen", esan zion GOIENAri.
Puntuak lider jarraitzeko aukera ematen dio Riberaren taldeari. Baina, partidu bukaerako txartel gorriek ekar ditzaketen ondorioengatik kezkatuta agertu zen. "Puntua ona da. Baina benetan kezkatzen nauena da zenbat partiduetarako galduko ditugun Uribesalgo eta Chinarro. Epaileak oso zorrotz dihardute halako txartel gorriak zigortzen. Aktan ipintzen dutenaren arabera, zigor luzea izan daiteke; eta guretzat, jokalari oso garrantzitsuak dira".