ALBISTEAK

'Herkules Oñatin' jardunaldiek, Debagoieneko jakintzaren ondarea erdigunean jarri dute

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko martxoaren 6a

Herkules Oñatin izenburupean antolatutako ekimenaren bidez, Debagoienean jakintza akademikoak historian zehar izan duen garrantzia ekarri nahi izan dute lehen lerrora: erakusketaren eta hitzaldi zikloaren bitartez. 

Aste honetan bi eguneko jardunaldi bereziak egin dituzte elkarlanean UNED Bergarak eta Oñatin dagoen Gipuzkoako Artxibo Historikoak. Bereziki nabarmendu dute XVI. mendean Oñatin unibertsitate bat sortu izanak izan zuen pisua. Debagoiena ikerketa eta pentsamenduaren gune garrantzitsua izan da Errenazimentutik gaur egunera arte. Garai hartako Salamancako edo Alcaláko unibertsitate handiekin alderatuta bazterrean egon zitekeela dirudien arren, eskualdea hainbat eskola eta elkarte zientifikoren sorleku izan zen, eta horiek eragin handia izan zuten lurraldearen garapenean.

Erakusketa, hilaren 18ra arte

Jardunaldiak amaitu diren arren, ekimenaren barruan antolatutako erakusketa oraindik ikusgai dago Oñatiko Gipuzkoako Artxibo Historikoan, hilaren 18ra arte. Bertan, artxiboan gordetzen diren dokumentu eta lan bibliografikoen bidez, jakintzaren eta zientziaren irudikapenak erakusten dituzte.

Erakusketak bereziki erreparatzen dio Sancti Spiritus Unibertsitatearen arkitekturan ageri diren sinboloei. Herkulesen lanen irudikapenak eta bertute klasikoak —zuhurtzia edo itxaropena, besteak beste— jakintzaren bilaketarekin lotuta agertzen dira. Antolatzaileen arabera, elementu horiek garaiko pentsamoldea eta zientziaren garrantzia ulertzeko giltza dira.Gainera, erakusketan dauden liburu batzuen eta gaur egun Alemanian egiten ari diren ikerketa proiektuen arteko loturak ere identifikatu dituzte, eta horrek agerian uzten du Oñatiko ondareak nazioarteko ikerketarekin duen harremana.

Erakusketan dauden liburu batzuen eta gaur egun Alemanian egiten ari diren ikerketa proiektuen arteko loturak identifikatu dituzte

Europa osoko adituak hitzaldi-zikloan

Jardunaldien barruan hitzaldi-ziklo bat ere egin zuten eguaztenean, eta Europa osoko irakasle eta ikertzaileak batu ziren Bergaran. Besteak beste, Rosa Ayerbe EHUko Instituzioen Historiako irakaslea; José Antonio Azpiazu, Mondragon Unibertsitateko irakasle ohia eta XVI. mendeko euskal gizarteari buruzko ikerlaria; José Ramon Carriazo, UNEDeko irakaslea eta Errenazimentuko testuetan aditua; Daniel Di Liscia, Municheko Unibertsitateko ikertzailea; eta Francisco Díaz Marcilla, Almeriako Unibertsitateko irakaslea. Adituek Debagoieneko jakintza-tradizioa, Erdi Aroko eta Errenazimentuko testuak eta liburutegien historia izan zituzten hizpide, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak