ALBISTEAK

Uarkapeko boxeo jaialdiaren atarian, debagoiendarrak "gogotsu" daude ring-era igotzeko

Ibai Irasuegi Garai 2026ko martxoaren 6a

Sorabox-ek antolatuta, boxeo jaialdia egingo dute bihar arratsaldean Arrasateko Uarkape Pilotalekuan. Guztira hamar borrokaldi egingo dituzte, eta hiru debagoiendar igoko dira ring gainera. Arratsaldeko seietan hasiko da jaialdia, baina bi ordu lehenago, 16:00etan, lehiatuko diren hogei boxeolariek pisaketa egingo dute Txoko tabernan.

Urtebeteren ondoren, Sorabox taldeak antolatuta, boxeo jaialdia egingo dute bihar, martxoak 7, Uarkape pilotalekuan. Guztira hogei boxeolari lehiatuko dira ring gainean, eta orain arte Soraluzeko taldeak antolatutako gainontzeko jaialdiek bezala, Debagoieneko zenbait boxeolari izango dira kartelean; hain zuzen, Haizea Misol, Iker Davila eta Oier Muñoz.

Bailarako boxeolariek "gogotsu" daudela adierazi dute. Misol eta Davila arrasatearrek etxean jokatuko dute, eta 46 eta 72 kilotan adostu dituzte haien borrokak. Misolen debuta izango da zapatukoa, eta "gogo handiak" ditu ring gainera igotzeko: "Pozik nago, espero dut borrokaldi on bat izatea eta ikuskizun bat izatea". 

Muñozen bigarren borrokaldia izango da biharkoa, 59 kilotan. Bergararrak etxean debutatu zuen joan den azaroan, eta garaipenik lortu ez bazuen ere, arantza atera nahi du "ring gainean lana ondo eginez". 

Egin beharreko lanak, eginda

Egin beharreko lana eginda, bai Misolek eta bai Muñozek haien burua eta gorputza "erabat zukutu" dutela azpimarratu dute. Biek ala biek borrokaldia irabaztea espero dute, eta, prestakuntzari dagokionez, "lan handia" egin dutela azpimarratu du Ixa Rodriguezek, Sorabox taldeko entrenatzaileak: "Borrokaldi bakoitzaren atzean lan handia dago. Hilabete eta erdi daramagu dena prestatzen, eta egindako lanarekin nahiko pozik nago".

Joan den urtean Uarkapen egindako jaialdiaren arrakasta ikusita, aurten ere jende asko gerturatzea espero du Rodriguezek. Dagoeneko sarrerak salgai daude 20 eurotan Osorik, Taupa eta Txoko Tabernetan, eta egunean ere salgai egongo dira Uarkapeko txarteldegian, 25 eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak