ALBISTEAK

Berdintasun-inguruneak lortzeko bidean, kaleak aldarrikapenez betetzera

Mireia Bikuña Madrid 2026ko martxoaren 5a

Badator Martxoaren 8a, eta, enegarrenez, herritarrak kalera irtengo dira, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzera eta aldarriak ozen oihukatzera. Emakundek, Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Itaiak mobilizazioetan parte hartzera dei egin dute. 

Hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte, baina baita bailarako hainbat herritan ere: Bergaran, 12:00etan, San Martin plazan; Antzuolan, 12:00etan, Herriko Plazan; Oñatin, 12:30ean, Olakuan hasita; Arrasaten, 19:00etan, Seber Altube plazan; eta Aretxabaletan, 19:00etan, Herriko Plazan.

"Borrokarako" deia

Euskal Herriko Mugimendu Feminista kalera irtengo da domekan, Beste mundu bat feminismotik lelopean. Mobilizazioak egingo dituzte hiriburuetan eta hainbat herritan: "Munduan zehar gerra, ezberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguru bete-betean iritsi gara Martxoaren 8ra. Gure herri eta auzoetan ere indarkeria horiek guztiak daude. Beraz, arrazoiak soberan ditugu kalera ateratzeko. Etsipena eta beldurra gailentzen ari dira sarri, eta horrek immobilizaziorako joera ekar lezake".

Gaineratu dute azken urteetan "asko" izan direla Euskal Herriko Mugimendu Feministatik martxan ipinitako borrokak: indarkeria matxistaren aurkako
protokoloak, espazio seguruak sortzeko ahaleginak, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko greba feminista orokorra eta tokian tokiko problematikei aurre egiteko dinamikak, besteak beste. "Feminismotik langile klasearen alde borrokatzera" deitu dituzte herritarrak. "Argi dugu ez dugula
feminismorik eta antiarrazakeriarik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik eta gizarterik ere. Horregatik diogu Beste mundu bat, feminismotik. Eta hori lortzeko antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak", esan dute.

Bide-orri politikoa garatzen

Itaia Euskal Herriko Emakumeen Antolakunde Sozialista ere mobilizazioetara batuko da. M8, emakume langileok askatzeko batu borrokara! leloarekin irtengo da kalera, aldarrikapen nagusi batekin: "Emakume langileon problematika erdigunean jarriko duen proposamen politikoa garatzea urgentziazkoa da. Gaur-gaurkoz, emakume langileon bizitzak pobrezian eta indarkerian daude oinarrituta, eta, gainera, ez dugu inolako babes politikorik horri aurre egiteko. Faxismoaren eta matxismoaren gorakada momentuan, ideologia guztietako politikariek ez dute egoera hori iraultzeko inolako programa politikorik".

Horren harira, bide-orri politikoa garatzen hasi da Itaia: kalitatezko lan-baldintza berak, zaintza-lanen sozializazioa, indarkeria matxista eta emakume langileen gorputzaren salerosketa amaitzea, kalitatezko abortua doakoa eta unibertsala izatea, seme-alabak izateko baldintzak bermatzea eta osasun sexualerako kalitatezko eta doako zerbitzuak ematea eskatzen dute.

Berdintasun-inguruneak

Eman tokia berdintasunari da Emakunderen kanpainaren leloa. "Kanpaina bizitzako eremu guztietan berdintasunezko guneak defendatzeko eta zabaltzeko gonbita da, berdintasuna ez baita lorpen bermatua, zaindu eta
babestu beharreko espazioa baizik", esan du Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak. Eta hauxe gaineratu du: "Gainditutzat jotzen ziren eta berdintasunaren eta justizia sozialaren aurkako oinarrizko eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen berpiztearen aurrean, euskal erakundeek bizitzako eremu guztietan berdintasunerako espazioak berreskuratzera eta kontserbatzera animatu nahi ditugu".

M-8aren kanpainaren aurkezpenean, berdintasun-ingurune horiek nola berreskura daitezkeen azaltzeko hainbat adibide ipini ditu Elgarrestak: lan-eremuan berdintasun-planak benetan aplikatuz, hezkuntza-arloan estereotipoak ezabatzen laguntzen duen hezkidetza bultzatuz edo etxeko zereginen eta zainketen banaketa orekatua sustatuz. "Baita hedabideetan eta sare sozialetan ere, gorroto- eta desinformazio-diskurtsoak salatuz; administrazioetan, genero-ikuspegia txertatuz erabaki politiko bakoitzean; eguneroko bizitzan, gure jarrerak berrikusten berdintasunaren ikuspegitik, eta emakumeei askatasunez eta indarkeria matxista jasateko mehatxurik gabe bizitzeko aukera emanez. Berdintasunaren espazioak babestu egin behar ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak