Martxoaren 17ko greba orokorrera batzeko dei egin du ELAk

Josu Bilbao Atxutegi 2026ko otsailaren 27a

Martxoaren 17an greba orokorra deitu dute ELA, LAB Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek. "Gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko eta 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko" Deba eskualdean ere mobilizatzeko deia egin du sindikatuak.

Martxoaren 17an egingo den grebarako dei egin du gaur ELAk, Arrasateko Maiatzaren Lehena plazan. 

"2008ko krisialdia langile klasearen bizkarretan jarri zuten, eta ordutik aberastasunaren banaketa gero eta modu bidegabeagoan egiten ari da. Gainera, krisiak biderkatu egin dira; krisi ekologikoa, zaintzarena, soziala, ekonomikoa, politikoa eta eskuin muturraren oldartzea. Etxebizitza eta oinarrizko produktuen prezioen gorakada ere eman da, eta horrek, prekarizatu eta pobretu egiten gaitu", salatu du ELA sindikatuak Arrasaten.

Euskal Herriko hiriburuetan deituriko manifestazioez gain, Eibarren elkarretaratzea egiteko deia egin du Deba bailarako ELAk. Manifestazioa 12:30ean egingo dute Untzaga plazatik hasita. Ondoren, arratsaldean, herri bakoitzeko greba batzordeek antolatutako manifestazioak egingo dira herrian bertan.

"Lanaren truke langile klaseak jasotzen duen soldata, lanean gogor jardun arren, ez da nahikoa bizitzaren garestitzeari aurre egiteko eta bizitza duin bat eramateko. 1.500 euroko gutxieneko soldatak egoera horri frenoa jartzen lagunduko liguke", aipatu du Deba eskualdeko ELAko koordinatzaile Eneritz Aristondok.

Gainera, datorren asteko asteartean, martxoaren 3an, Deba eskualdeko ordezkari guztien batzar orokorra egingo du ELAk, Bergarako Seminarixoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak