ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute greba; presioa egin nahi diete patronalari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, Hego Euskal Herrian 1.500 euro gordineko gutxieneko soldata ezartzeko; hau da, Espainian dagoen 1.184 euroko gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzeko. LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) hemen erabaki leloarekin, "guztia geldiarazi" eta "kalea" hartuko dute. Bizitzaren garestitzearen testuinguruan kokatzen da mobilizazioa. "Bizitza garestitu egin da, baina soldatak ez dira neurri berean igo; ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu", azaldu dute Greba Batzordeko kideek.
Arrakala eta aldarriak
Hego Euskal Herrian bost langiletik batek 1.500 eurotik beherako soldata dauka, eta, haien artean, hirutik bi emakumeak dira. Bi langiletik bat migrantea da eta lautik bat, gaztea, 30 urtetik beherakoa. LGS propiorik ez izateak ia milioi laurden langileren bizi-baldintzetan dauka eragina, eta arrakala matxista eta arrazista agerian uzten dituela diote Greba Batzordeko kideek. Amagoia Lasagabaster ELA sindikatuko ordezkariak azaldu du gizarte talde "kolpatuenak" haiek badira ere, auzi hori "guztion ardura" izan behar dela eta "katean onurak guztiei" iritsiko zaizkiela. "Klase elkartasuneko greba hau aldarrikatzen dugu; gure herrikideak direnek, gure seme-alabekin jolasten diren gurasoek, modu duinean bizitzea nahi dugulako", gehitu du Xabier Llodiok, LAB sindikatuko ordezkariak.
Negoziaketek huts egin dute
Koiuntura zehatz bati erantzuten dio grebak, "langile klaseak abiatutako beste bideetan ateak itxi" dizkietela iritzita: "Gobernuak zein patronalak". Lanbide arteko "akordioa lortzen" saiatu dira, baina negoziaketek huts egin zuten, "Confebaskek eta CEN patronalak uko egin baitzioten mahaian esertzeari edo horretarako borondatea azaltzeari". Herri ekimen legegilearen bidea ere hartu zuten; 140.000 sinadura inguru jaso zituzten, baina "EAJ, PSE eta PSN alderdiek ez zuten tramitea aurrera eraman". LAB sindikatuko ordezkariak hauxe aldarrikatu du: "Modu antidemokratikoan ezeztatu dute herritarren ahotsa, eta alderdi sistemikoek, beste modu bateko politikak egiteko aukera izanda, patronalaren mesedetan jokatzea aukeratu dute".
"Modu antidemokratikoan ezeztatu dute herritarren ahotsa, eta alderdi sistemikoek, beste modu bateko politikak egiteko aukera izanda, patronalaren mesedetan jokatzea aukeratu dute"
Mobilizatzeko deia
Goizean hiriburuetan, Eibarren eta Tuteran egingo dituzte mobilizazioak. Debagoienetik Eibarrera joateko deialdia egin dute, 12:30ean. Arratsaldean eragileek eta Greba Batzordeak aurrera eramango dituzten egitarauen berri datorren asteetan emango dute. ELA sindikatuko ordezkariak mobilizatzeko dei egin du: "Herritar eta langile guztiok elkarrekin mobilizaziora batzeko deitu dugu grebara, uste baitugu gauzak zatikatuta indar korrelazioa galdu egiten dela".
"Herritar eta langile guztiok elkarrekin mobilizaziora batzeko deitu dugu grebara, uste baitugu gauzak zatikatuta indar korrelazioa galdu egiten dela"
ESK ere batu da
ESK-k, gehiengo sindikalaren bloke deitzaileko kide ez bada ere, argi dio aktiboki hartuko duela parte lantokietako eta herrietako greba batzordeetan. Langileen "etengabeko pobretzeagatik, eta korporazio eta finantza-erakunde handiek beren mozkinak handitzen dituzten bitartean gehiengo sozialak erosteko ahalmena galtzen" duelako, mobilizatzeko dei egin dute.