Ibilgailu berriak Debagoienari zerbitzua ematen dioten hiru lineatan daude martxan: alde batetik, Leintz Gatzaga, Eskoriatza eta Arrasate lotzen dituen linean, eta bestetik Gasteizerako zein Zumarragako ospitalerako konexio ziurtatzen duten lineatan. Hamalau-hamabost metroko luzerakoak dira eta gainerako laurak hamabi metrokoak.
Autobus hibridoak dira eta "emisioak zein kontsumoa optimizatzen" dituzte. Gainera, egonkortasunerako programa elektronikoa dute eta baita ere "irisgarritasuna errazteko elementu modernoak"; hala nola, arrapala elektrikoak. Horrekin batera, gidariendako lanpostu ergonomikoagoa dute.
Azahara Dominguez diputatuak esan du ibilgailu berriekin zerbitzu erosoagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa eskaintzeko ezinbestekoa dela flota berritzea eta Aldundia "oso konprometituta dagoela zerbitzuaren etengabeko hobekuntzarekin". Agintaldi hasieratik Arrasateko egoitzako 57 autobus berritu ditu Aldundiak, flotaren %74, eta ibilgailuen batez besteko adina 8 urtetik 2,83 urtera jaitsi da 2023tik.
Erabiltzaileak hasi dira autobus berriak erabiltzen. Askoren iritziz bazegoen premia.
2024an 5,5 milioi bidaia
Avanza enpresak ematen du zerbitzua Debagoienean eta ez dira gutxi izan aurreko hilabeteetan ibilgailuen egoera kaskarragatik izandako protestak eta mobilizazioak. Avanza Lurraldebusen hirugarren kontzesionario handiena da. 2024an, esaterako, 5,5 milioi bidaia erregistratu zituen. Aldunditik azaldu dute zazpi autobus gehiago dituela orain flotak eta langile kopuruak ere gora egin duela; batez ere tailerrean non bikoiztu egin den kopurua.
Ibilgailu berrien etorrera txalotu dute erabiltzaileek, baina askoren iritziz badago oraindik ere zerbitzua nola hobeto.
Aldundik azpimarratu dute lanean jarraituko dutela Gipuzkoak egunetik egunera garraio publikoko zerbitzu hobea izan dezan eta eguneroko beharretara hobeto egokitu dadin.