ALBISTEAK

Aratusteak dantzan hasi dituzte Oñatin eta Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko otsailaren 13a

Oñatin eta Bergaran hasiera eman zieten atzo Aratusteei. Oñatin bertako historian oinarritutako herri inauteriak eta Potx eta Lotx pailazoen ikuskizun berria izan zituzten atzo, eta Bergaran, berriz, musika eta dantza eskolako ikasleak izan ziren protagonista, Sorgin dantzarekin.



Oñatiko Inauteri Txikiaren barruan atzo arratsaldeko hiruetan Olaitturrin elkartu ziren Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako hiru ikastetxeetako ikasleak. Kondeak eta kondesak pregoilari lanak eginda Aratusteei ofizialki hasiera eman ostean eta umeak behar den moduan kokatuta zeudela, hartzaren etorrerak umeak aztoratu eta dena jarri zuen hankaz gora. Berriz ere behar den moduan kokatu ostean dantzan aritu ziren Olaitturriko kantxara gerturatu ziren senideen gozamenerako. Olaitturriko dantzaldiaren ostean kalez kale aritu ziren umeak Oñatiko Inauterietako pertsonaia batzuekin batera.

'Potx eta Lotx Inauterietan' ikuskizun berria

Gainera, Oñatiko Inauterien Taldeak herriko inauterien historia kontatzeko ikuskizuna ere prestatu du aurtengo Aratusteetarako. Potx eta Lotx pailazoen laguntzarekin sortu dute emanaldia, eta atzo estreinatu zuten goraino bete zen Santa Ana antzokian. Pailazoak, oso pozik estreinaldiarekin. Oñatiko plaza irudikatzen zuen dekoratua atzean zutela, Potx eta Lotxek herriko inauterien jatorria eta bilakaera azaldu zituzten; gainera, ohiko hainbat pertsonaia agertu ziren oholtza gainean: kondea, kondesa, borreroak, pregoilaria, hartza, zaindaria, txokolateroak, umea eta natura elementuak. Ikuskizun berria prestatzeko bidea “oso polita” izan da, gainera. Pailazoen lantaldearekin batera, Oñatiko Inauterietako lantaldeak eta kasleek ere parte hartu zuten emanaldian.

Bergaran, sorgin dantza protagonista

Bestalde, Bergaran ere atzo abiatu zituzten Aratusteak. Bergarako Musika eta Dantza Eskolako dantzari, txistulari eta trikitilariek hartu zituzten kaleak. Iluntzerako zuten deia egina, eta iragarritakoa betez, arratsaldeko zazpietan, ekin ziren Bergarako Musika eta Dantza eskolako ikasleak eta irakasleak sorgin-dantza egiten. San Martin plazan egin zuten lehen dantzaldia. Ordua heldu orduko prest zeuden dantzariak; baserritar arropekin batzuk eta poxpolin jantziekin beste batzuk, oihalezko zapi zuria buruan zutela erdiak, eta kolore urdineko edo gorriko tunturroak beste erdiak. Musikariak, berriz, dagokien tokian jarrita eta instrumentua eskuetan hartuta.

Plazatik kalejiran abiatuta frontoiaren parean, Fraiskozuri plazan egin zuten bigarren geldialdia eta Irala kalean hirugarrena. Geldialdi batetik bestera, gainera, kalejiran joan ziren guztiak: musika egiten zuten musikariek eta elkarri eskua emanda kalejiran joan ziren dantzariak. Amaieran talde argazkia atera zuten. Ohiturari eutsiz, hartza ere atera zen zen bere zaintzailearekin eta musikariekin eta dantzariekin batera egin zuten ibilbide osoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak