Begiak zabaltzen dituen proiektua: Bubaque Bissau, ikusmena itzultzeko ahalegina

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko urtarrilaren 27a

Mirari Malbadi –ezkerretik hasita bigarrena– lan taldearekin eta opertau berri dagoen haurrarekin.

Ginea Bissaun, Afrika mendebaldeko kostaldean, begien gaixotasun arruntenetako bat diren kataratak itsu izatera eramaten ditu hainbat pertsona. Testuinguru horretan sortu zen Bubaque Bissau proiektua eta hirugarrenez hartu zuen parte bertan Mirari Malbadi erizain oñatiarrak, joan den urrian.

Ginea Bissaun, Afrika mendebaldeko kostaldean, begien gaixotasun arruntenetako bat diren kataratak itsu izatera eramaten ditu hainbat pertsona. Testuinguru horretan jaio zen, 2016an, Bubaque Bissau Proiektua: Magneta 40ren –EAEn bizi diren Ginea Bissauko jatorrikoen elkartea– eta Coopera Euskadiren arteko lankidetzatik sortua. Bissauko Ospitale Militarrean laguntza kirurgikoa eskaintzen hasi ziren, hainbat adarretan. 2022az geroztik, oftalmologia ardatz, Simao Mendes Ospitale Nazionalean artatzen dituzte pazienteak. 
 
Mirari Malbadi (Oñati, 1976) ULMA Taldeko erizainak 2025eko urrian hirugarrenez parte hartu zuen Bubaque Bissau proiektuan. Boluntario egiten du lan, lanorduetatik eta erosotasunetik harago doan konpromiso pertsonalarekin. Azken bidaian, zazpi profesionalek osatutako lantaldeak –lau oftalmologo, anestesista bat, ingeniari bat eta erizain bat– 109 ebakuntza egin zituen sei egun eta erdian. 
 

Hutsetik, txoko propioa 

Malbadik azaldu du iristen diren egunean ospitalean gela huts batekin egiten dutela topo eta Euskal Herritik eramandako materialekin kontsulta eta ebakuntza-gela martxan jartzen dituztela. "Eramaten dugun material guztia oso garestia da, eta dirulaguntzarik gabe ezinezkoa litzateke proiektua aurrera eramatea", aitortu du Malbadik. Enpresa askok –ULMAk berak, besteak beste– eta norbanako ugarik egiten dituzten ekarpenak ezinbestekoak dira. Web orrialde bat Hamar egun inguruko egonaldietan erritmoa "zorrotza" da. Lehen eguna muntaketa eta antolakuntzarako da, baina berehala hasten dira kontsultak. Pazienteak aztertzen dituzte, kataratak identifikatu, eta nor operatu daitekeen erabaki. Ginea Bissaun, eguzkiaren intentsitateak eta klimak eraginda, kataratak ohikoak dira, baina, osasun sistema pribatua denez, askok horrekin bizi beharra daukate; maiz, itsu. 
 
Mirari Malbadi: "Eramaten dugun material guztia oso garestia da, eta dirulaguntzarik gabe ezinezkoa litzateke proiektua aurrera eramatea"
 
Ospitalearen kanpoaldean eratzen diren ilarak etengabeak dira. Jendeak esperoan gaua ere pasatzen du: "Asko urrutitik datoz eta ez dute etxean lo egiteko aukerarik; beraz, bertan itxaroten dute". Barruan lantaldeak engranaje batek bezala funtzionatzen du: begiak dilatatzen, kontsulta pasatzen, anestesia lokala jartzen, materiala esterilizatzen, eta ebakuntzak egiten; bata bestearen atzetik. Malbadi, erizain gisa, instrumentazio lanetan aritzen da, normalean, baina adierazi du horrelako egoeretan dakien "edozer" egiteko prest egon behar dela, datorrena datorrela. 
 

Mirari Malbadi – hirugarrena eskuinetik hasita– eta lantaldea, ospitale kanpoan. 

Ekipajea eta argindarra

"Baldintzak ez dira errazak," aitortu du oñatiarrak. Argindarra maiz eteten da, eta tentsio handia sortzen du: "Pazientea begia zabalik daukazula, makinak berriro kalibratu behar dituzu, dena berriz martxan jarri". Argi etete horiek herrialdeko baliabide urrien isla dira: "Dagoenarekin konformatu eta aurrera egin behar izaten dugu". Azken bidaian beste oztopo bat ere izan zuten; ekipajearen atzerapena. Hamaika maleta fakturatu eta bakarra iritsi zen lehen egunean. Martxan jartzeko aukera izan zuten, joan den urteetako materialari esker. 
 

Hitzik gabe esatea

Hizkuntza ere oztopo da. Portugesaren aldaera bat, kreolera, ofiziala bada ere, herrialdean dozenaka hizkuntza daude, eta komunikazioa keinuez, begiradez eta pazientziaz osatzen da. Malbadik dio beldurrez eta hotz iristen direla, baina ebakuntzaren ostean, ikusten hasten direnean, giroa erabat aldatzen dela: irribarreak, besarkadak eta isilpeko esker onak agertzen dira, ahozko hizkuntza ez partekatu arren. 
 

Lehen aldiz ikustea

2025ean egindako ebakuntzetatik hiru iltzatuta geratu zaizkio Malbadiri. 2, 6 eta 8 urteko haurrek, jaiotzetik katarata aldebikoa zutenek, operatu ostean lehen aldiz ikusteko aukera izan zuten. Malbadiren buruan irudi batek hartzen du indarra: itsu jaio den haur batek bere bizitzan lehen aldiz ikusten duen unea. 
Mirari Malbadi:  "Berriz ikusten duten begiek ematen dute bueltatzeko indarra"
Azaldu du etxera itzulera beti dela gazi-gozoa. Pozgarria da, lagundu egin ahal izan dutelako, baina mina ere badago, jakinda egindakoa "partxe txiki bat" besterik ez dela, bizi duten errealitate gordinean. Urte osoan lanean jarraitzen dute, bidaiak antolatzen, dirulaguntzak bilatzen, materiala prestatzen. Bitartean, Bissaun, urtero, norbaitek begiak irekitzeko zain jarraitzen du. Eta badakite itzuli egingo direla. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak