Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zortzi urte daramatza haien aldarrikapenak plazaratzeko bilkurak egiten. Hain zuzen ere, Euskal Herrian 80 herritako pentsiodunak irtetzen dira kaleetara astelehenero, eta gaur, urtarrilak 19, izan da Debagoieneko Pentsiodunen Mugimenduetako kideen eguna urteetan egiten diharduten lana eskertzeko.
Musikarekin eta kantuekin batera, mokadu bat hartzeko aukera ere izan da bailarako elkarretaratzeetan, izan ere, egunaz gozatzeko eta pentsiodunek egun dituzten erronken eta lorpenen inguruan jarduteko egun bat izan da gaurkoa. "Izan ditugun garaipenak ospatzeko, eta badaude pozik egoteko arrazoi asko", azaldu du Jose Luis Loidik, Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko talde dinamizatzaileak.
Pentsiodunek hitzorduan jardungo duten gaia azaltzen duen orri bat prestatzen dute astero. Gaurkoan, baina, orriari "beste esanahi bat" eman nahi izan die Bergarako pentsiodunek; gaurko elkarretaratzearen helburua "orain arte bidean lortutakoa ospatzea" baizen: "Gaurko orrian zortzi urte hauen historia kontatzen dugu. Nola hasi zen, zergatik... gaur egunari dagokionez, aldarrikapena izateaz gain jai giroko ikutu bat ematea nahi genion. Ikusten dut jendea gustura egon dela, gustura nago jendearen erantzunarekin".
Musikarekin eta kantuekin batera, mokadu bat hartzeko aukera ere izan da bailarako elkarretaratzeetan, izan ere, egunaz gozatzeko eta pentsiodunek egun dituzten erronken eta lorpenen inguruan jarduteko egun bat izan da gaurkoa.
Koordinazioa funtsezkoa
Orain arte egindako lorpenak eskertzeko eguna izan bada ere, Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen diharduen gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata bateratzea helburu dutela nabarmendu du Loidik. Hala ere, orain arte egindako lorpenetarako, "herrien arteko koordinazioa" ezinbestekoa izan dela nabarmendu du Itziar Usandizagak, Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak: "Euskal Herri mailan antolatuta gaude, koordinatuta. Horrek konfiantza handia ematen digu. Astelehenero 80 herri ateratzen gara plazetara, eta astelehenero orri desberdinak banatzen ditugu aldarrikapen mezuekin".
Usandizagak azaldu duenez, aurrera begira, KPIa "bermatzeko" eta joan zen urtean aurkeztu zen ILP manifestua onartzeko borrokan jarraituko dute: "Lortu arte ez dugu utziko, genero arrakalak ere berdintzen jarraituko duelako, eta ez da posible Euskal Herrian oraindik adineko pentsiodunak oso pentsio baxuekin bizitzea".