Gipuzkoako Foru Aldundiak behi-azienda osoarentzako dermatosi nodular kutsakorraren aurkako nahitaezko txertaketa abiatu du prebentzio neurri gisa. Bi hilabeteko epean egingo den kanpainak ez du kosturik izango abeltzainentzat, eta gaur egun lurraldean gaixotasunaren fokurik atzeman ez den arren, neurriak hartzea erabaki dute.
Gaixotasun nodularra, gaixotasun birikoa da eta ganaduari eragiten dio. Hau da, dermatosi nodular kutsakorrak ez die gizakiei edo beste animalia espezie batzuei eragiten. Ildo horretan, behi eta esne haragiaren kontsumoa erabat segurua dela azpimarratu du Aldundiak.
Gaixotasunaren eraginak
Horren baitan, nondik datorren adierazi du Juan Ramon Bujanda albaitariak: "Orain, gehien kezkatzen duena da Frantzian mugatik 60 kilometrotara gertatu dena, eta horren ondorioz, Katalunian gertatutakoa. Zein eragin ditu: noduluak, gaixotasunak dioen moduan: azalean, kalentura, edemak apetitu faltak, abortuak egon daitezke, haragi produkzioa behera egitea… Errekuperatu daiteke? Bai, baina animaliak oso ukituta geratzen dira".
Gipuzkoako behi-azienda osoa immunizatzeari ekingo zaio, prebentzio- eta kontrol-neurri gisa. Guztira, 1.900 ustiategitako 42.500 buru txertatuko dira. Txertaketa lurraldeko eskualde guztietan egingo da aldi berean. Horretarako, 12 albaitari-talderi esleitu zaizkie lanak, eta behi-azienda osoari emango diote dosia, arraza edo adina edozein dela ere.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak erabaki du txertaketa Gipuzkoan eta Nafarroa erdian egitea, eta Jaurlaritzak EAE osoan egiteko eskaera egin arren, txertaketa masiboa, Araban eta Bizkaian ez da egingo. Kezka handia eragin duela nekazariengan ere azaldu du Bujandak. Izan ere, A Kategoriako gaixotasuna izanda, animali bat gaixotzen bada, abere-talde osoa hil behar da.
Aretxabaletako Ibai Alberdi ganaduzaleak 100 abelburutik gora ditu, eta txertaketak kezka eragin duela dio. "Txertoen gainean norberak bere iritzia izan arren, gogorra da. Izan ere, kasu batekin esplotazio guztia hil behar da,eta, txertatzera datozenean jarri, eta, behien dituzten eraginak zeintzuk diren ikusi beharko ditugu…".
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko ditu txertaketa prozesuari dagozkion gastuak eta behar diren ganadu mugimenduak egiteko osasun ziurtagiriak. Hala ere, Alberdik nabarmendu du txertatzeak lana ematen diola nekazariari: "Txertatu ostean ere ez da arazoa konpontzen. Ez nago guztiz ados. Bakoitzak bere baliabideak ditu ganadua batzeko, eta hemen lana dago".
Irunen egingo da protesta, urtarrilaren 15ean
Abeltzaintza-sektorearen kezka da, eta protesta ere iragarrita dago egunerako, urtarrilaren 15erako; Nekazari eta Abeltzain Txikien Batasunak (UPA) deituta, Euskal Herriko ENBA eta EHNE erakundeekin batera.
Espainiako behi-aziendaren sektoreko abeltzainak Frantziako mugaren ondora bilduko dira, Irunen (Gipuzkoa), protesta masibo bat egiteko. Abeltzainek salatzen dute Espainiako agintariek "babes sanitario falta" erakutsi dutela herrialde mugakidean hedatzen ari den dermatosi nodular kutsakorraren aurrean.