ALBISTEAK

Goretti denboralearen ostean hegoaldeko haize zakarra

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko urtarrilaren 12a

Eguraldia gorabeheratsua izan dugu 2026ko lehen egunetan. Zeropeko tenperaturen eta elurraren ostean Goretti denboralearen eraginpean igaro zen asteburuaren hasiera. Euria utzi du Gorettik eta handituta datoz errekak, baina ez du kostaldean besteko arazorik eragin Debagoienean.

Denboraleak indarra galdu eta egun eguzkitsua izan zen atzokoa. Hurrengo egunetarako, berriz, 16 gradura arteko tenperaturak daude iragarrita eta hegoaldeko haize zakarra.

2026ak hamabi egun besterik ez ditu izan eta esan daiteke gehienbat hotza eta euria izan direla nagusi. Elorregiko estazio meteorologikoak hartutako datuen arabera Errege bezpera eta Errege eguna izan ziren egunik hotzenak. Euritsuena, berriz, aurreko egubakoitza izan zen.

Muturreko fenomenoen ugaritzea

Martxoa haize-bolada bortitzengatik nabarmendu zen. Udaberrian zein udan Debagoieneko termometroak markatutako tenperaturak berriz ez ziren edonolakoak izan. Ohikoa baino 0,8 gradu gehiagoko batez bestekoa markatu zuen azken udaberriak.

Maiatzean, berriz, euri-ekaitz lokalak nabarmendu ziren. Arantzazurako bidean dagoen Oñatiko Gesaltza auzoan aurretik inoiz ikusi gabeko ur-emaria jasan zuten auzotarrek. Aloñako magaletik jaitsi zen ura Kortagain baserrian sartu eta Gesaltzako baserrietarako bidea hartu zuen. 11,1 litro jaso ziren metro koadroko. 

Ekaina, uztaila, abuztua eta iraila berriz berotik joan ziren. Ekain bukaeran ia 35 graduko bost eguneko bero-bolada izan zen Debagoienean, Gipuzkoako maximoak erregistratuz. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarrita dauka Debagoiena dela Klima aldaketarekiko kalteberatasun handiena duen Gipuzkoako eskualdea. 

Halako beroekin igerilekuak eta ur parkeak gero eta lehenago zabaltzen dira eta hainbat udalerritan hasita daude larrialdi klimatikorako babesguneak gertatzen. 
Tenperatura zakarreko bero-bolada gehiago izan ziren udan. Abuztu erdialdean eta irail hasieran, esaterako. Alerta abisu bat baino gehiago izan ziren uda sasoian.

Azaroko laugarren asteburuan etorri zen lehen depresio handia. Prezipitazio eta elur arriskuagatik abisu horian izan zen Debagoiena ere eta denboraldiko lehen elurtea ekarri zuen. Urtarrilean, berriz, aspaldiko tenperatura baxuenak izan dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak