ALBISTEAK

V16 balizak: derrigorrak, baina ez eramateak ez du isunik ekarriko denbora tarte batean

Goiatz Arana Begiristain 2026ko urtarrilaren 12a

V16 balizak ezinbestekoak dira urtarrilaren 1az geroztik eta 80 euroko isunarekin zigortuko dituzte ibilgailuan halakorik ez daramaten gidariak. Hori aurrerago izango da, ordea: izan ere, Espainiako Barne Ministroak joan zen astean esan zuen malgutasunez jokatuko dutela herritarrak neurri berrira egokitu arte, eta segurtasun indarrek ez dutela isunik jarriko arrazoizko denbora tarte batean.

V16 baliza da errepidean arriskua seinaleztatzeko baimendutako gailu bakarra, aurtengo urte hasieratik, eta larrialdietako triangeluak ordezkatuko ditu. Gidariak errepidera atera behar izatea saihestea eta segurtasuna handitzea ditu helburu. Hori bai, txaleko islatzaileak ibilgailu barruan eraman beharreko nahitaezko elementua izaten jarraitzen du, edozein arrazoi tarteko irten behar izanda ere.

Gailu homologatuen zerrenda

Derrigortasuna tarteko, halako gailuak saltzen dituzten tokietan areagotu egin da mugimendua. Eskoriatzako Aingeru gasolindegian, adibidez, ekarritako guztiak saldu dituzte eta barik daude uneotan. Jakin izatera gehiago ere ekarriko zituztela adierazi dute, asko eskatzen direlako oraindik.

Balizarik ez izateak, istripu kasu batean, erantzukizuna norberak hartu behar izatea ekarri dezake. Eta balio ez duen gailu bat aukeratzea ekiditeko modurik seguruena, berriz, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean gailu homologatuen zerrenda ofiziala kontsultatzea da. 

Intentsitate handiko argi keinukari baten bidez, gailu berriak ibilgailu bat geldi dagoela ohartaraziko die beste gidariei, ibilgailua non dagoen jakinaraziko die dagokien Trafikoa Kudeatzeko Zentroei, eta kokapenari buruzko informazioa denbora errealean emango du errepideko mezu aldakorreko paneletan eta gainerako ibilgailuetako nabigatzaileetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak