Venezuelaren kontrako erasoa eta herriaren egoera, nork bere angelutik kontatua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko urtarrilaren 9a

AEBk Nicolas Maduro eta haren emazte Cilia Flores atxilotu ostean, Luis Ugalde, Daniela Castro eta Ebert Sanchez elkarrizketatu ditu GOIENAk; gertatukoaren iritzi ezberdinak dituzten arren, bat datoz esaterakoan etorkizuna erabat ziurgabea dela. 

Urtarrilaren 2tik 3rako gauean AEBk Venezuelan sartu Nicolas Maduro eta haren emazte Cilia Flores atxilotu izanak zeresan handia eman du nazioartean. Debagoienean, ia herri guztietan egin dira Donald Trumpek gidatutako operazio militarra salatu eta Venezuelaren "burujabetza" aldarrikatzeko agerraldiak. Venezuelarekin eta Debagoienarekin lotura handia duten eta egoeraren gaineko iritzi ezberdinak dituzten hiru lagunekin egon da GOIENA: ia 40 urte Venezuelan daroatzan Luis Ugalde (Bergara, 1938) jesuita, amaren familia Venezuelakoa duen eta Arrasateko Amerika elkarteko sortzaile Daniela Castro (Barranquilla, Kolonbia, 1988) eta Arrasatera duela 15 bat urte heldu zen Ebert Sanchez (Barquisimeto, Venezuela, 1975). 

Ugalde, chavismoaren aurka

Luis Ugalde jesuita bergararra oso kritikoa izan da Hugo Chavezekin eta Madurorekin: "Usurpatzaileari kendu zaio berea ez zena. AEBen interbentzioa legez kanpokoa izan arren, herria bahitua zuen presidente batetik askatu gaituzte. Egun boterean jarraitzen dute Diosdado Cabello modukoek, gutxienez Maduro bezain boteretsuak eta gogaikarriak diren diktadoreek. Jendilaje horrengatik, besteak beste, azken hamar urteotan laurdenera jaitsi da Venezuelako Barne Produktu Gordina; imajinatu halakorik gertatuko balitz Euskal Herrian...".

Luis Ugalde: "Herria bahitua zuen presidente diktadore eta usurpatzailetik askatu gaituzte"

AEBen erasoa ezkero, egunerokoa geratu egin dela eta herritarrak pozez bezain beldurrez daudela dio: "Kalean isiltasuna dago beldurragatik; erregimenak aspaldi itxi zituen propagandarako ez diren komunikabideak. Hala ere, askotariko jendea hurbildu zait oso hunkituta eta pozik; herriaren gehiengo zabala oso pozik dago. Baina alaitasun hori laster itzali daiteke, Venezuela nola berreraikitzen denaren arabera; baliabide asko eta lan itzela beharko dira herri hau berriz ere martxan jartzeko".

Castro: Chavez bai, Maduro ez

Venezuela bigarren etxetzat duen Daniela Castrok AEBen "eraso terrorista" salatu du: "Inbasio militar, inperial eta kriminala izan da, herrialde burujabe baten aurkakoa. Presidente bat bahitu dute, eta zibilak eta militarrak aintzat hartuta, 80 lagun erail. Ez nau harritzen, beti jokatu izan dute horrela; atzeko patioa bezala ikusi gaituzte beti. Indarkeria erabilita nazioarteko edozein erakunderen gainetik pasatzen dira, boterea nork duen argi utzita. Maduro narkotrafikatzailea dela asmatu egin dute, aitzakia bat behar zutelako. Baina egia da oraingoan ez dituztela euren interesak ezkutatu, alegia, esan dute Venezuelako baliagaiak lapurtzea eta eureganatzea nahi dutela, inongo konplexurik gabe".

Daniela Castro: "Oso gutxi geratzen da egun Chavezek gidatutako iraultza bolivaristatik"

Hala ere, Castro kritikoa da Madurorekin: "Langileen eskubideak suntsitu dira, sindikalistak espetxeratu, ezkerreko alderdiei hauteskunde erregistroa kendu zaie –alderdi komunista barne–... Hau da, oso gutxi geratzen da Chavezek gidatutako iraultza bolivaristatik; gogoratzen dut hainbat zirela bizilagunak esaten zutenak Chavezek duintasuna itzuli ziola Venezuelari; herritarrari entzun egiten zitzaion, politikaren parte sentitzen zen. Horregatik uste dut Chavezek asmo onak zituela nahiz eta ez zen beti jende onaz inguratuta egon". Datozen asteetan zer gertatuko den jakiterik ez dagoela uste du Castrok, argi duen arren AEBek ez dutela denbora luzez bilatu duten aukera galduko. Hori bai, herritarren ondoan dagoela argi utzi du: "Nire babesa venezuelarrentzat da, herriarentzat. Gauza bera gerta daiteke Kolonbian, Mexikon, edo AEBk gutxietsi nahi dituen beste edozein herrialdetan. Nik ez dut Maduro babesten, baina ukaezina da AEBk herrialde burujabe bateko presidentea bahitu dutela; Maduro Venezuelako herriak epaitu beharko luke. AEBn inperioa dekadentzian dago eta baina agintariek eragiteko ahalmena mantendu nahi dute. Hurrengoa Groenlandia izango dela dirudi; behar dutela esan dute, eta egingo dute. Edozertarako egon beharko gara prest".

Sanchez, Chavez eta Madurorekin

Sanchezek argi dauka AEBek Venezuelako herriaren burujabetza erasotu duela: "Herriak aukeratutako presidentea bahitu dute. 1999an Chavez agintera heldu eta urte batzuetara petrolioa nazionalizatu aurretik AEBk Venezuelari milioi bat petrolio-barril kentzen zizkion egunero, eta Chavezek Venezuelako petrolioa Venezuelarentzat bideratu zuenean hasi ziren arazoak eta erasoak. Eraso publiko eta ikusgarriez harago, baina, batez ere penatu nauena izan da ikusi ez diren erasoen ondorioz Venezuelako herria bitan zatitu dela; AEBren eta nazioartearen zizarea sagarra jaten joan da barrutik, sagarra osorik usteltzeraino. Urte asko daramatzat Venezuelatik kanpo eta ez dut hango egunerokoa gertutik ezagutzen baina iritzia eman daiteke, eta uste dut kanpoko presioek eragin dutela gehiago Venezuelaren gainbehera barruko agintarien praxi okerrak baino. Zilegi ikusten ditut alde bateko zein besteko aldarrikapenak, baina errezeloa daukat eskuinaren alde egin dutenetako asko engainatu egin dituztela".

Ebert Sanchez: "Penatu nau ikusi ez diren erasoengatik Venezuelako herria bitan zatitu izana"

Etorkizunera begira jarrita, AEBen aurrekarietan jarri du arreta Sanchezek: "200 urte daramatzate Hegoamerika konkistatu nahian bertako baliagai naturalengatik eta oraingoan, gainera, inongo disimulu barik diote guztiaren kontrola nahi dutela. Eta kasu egin ezean, nazio osoa inbaditu eta suntsituko dute. Argi dago Trumpek ez dituela giza-eskubideak errespetatuko, ezin dugu ezer onik espero horren zapaltzailea den pertsona batetik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak