Basalgoko zentralaren aurka sortutako herri mugimenduak 6.000 alegazio pasa jaso ditu. Herri-alegazioen dokumentuek bederazi puntu jasotzen dituzte, bost bloke handitan banatuta: proiektuaren lurralde-antolamenduaren araudiarekiko bateraezintasuna, biztanleriaren osasunean eta bizi-kalitatean duen eragina, ingurumen-inpaktu kritikoak, landa-eremua eta kultura-ondarea pobretzea eta baliabide eolikoaren justifikazio eza.
Gabezietan oinarritutako alegazioak
Proiektuak eragiten dien udalek, berriz, Kimar Ingurumen Aholkularitza enpresa kontratatu dute Basalgo zentralak izango zukeen ingurumen inpaktua aztertzeko, eta hortik abiatuta egin dituzte alegazioak; bost bloke nagusitan eta 37 puntutan banatuta. Aurkeztu dituzten alegazioen arrazoi nagusiak Arena Power Solarren proiektuan ikusi dituzten gabezietan oinarritu dira. "Adibideetako bat da proiektu honek lur mugimendu batzuk ekarriko dituela. Pentsatzen dugu ez dagoela sakon aztertuta horrek lur nabarduretan edota iturburuetan edukiko duen inpaktua. Hor azterketa geotermiko edo geohidrologiko bat faltan botatzen dugu, esaterako. Horretaz aparte, badago beste parte bat inpaktuarena. Parkeak edukiko du inpaktua paisaian, biodibertsitatean eta ondarean ere bai eta uste dugu ondorio horiek kritikoak direla eta atzera egiterik ez dutela edukiko. Zentzu horretan gure kezka adierazten dugu alegazioetan proiektuak ez duelako bermatzen lurraldearen oreka edo jasangarritasuna", dio Bergarako udal gobernuko bozeramaile Maite Usabiagak.
Horri gehituz, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala behin-behineko onarpena emanda eta behin betiko onarpenerako prozedura martxan dagoela, udal gobernuak uste du araudi hori hartu beharko litzatekeela interpretazio-irizpidetzat eta balio orientatzailetzat, sektoreko plangintzarik eguneratuena delako. Horren arabera proiektua ez litzake bateragarria izango.
Bergarako EAJrentzat "hasieran dagoen tramitea"
Bergarako EAJk, bestalde, adierazi du ez dutela parte hartu alegazioak lantzerako orduan, baina Debagoienako Argitzen prozesuan ari direla, besteak beste, trantsizio energetikoaren gaia lantzen, eta mandatu organoak gomendioei emandako erantzunen bidetik jarraituko dutela. "Eskatu genuen nahi genuela denboraz alegazio horien berri izan. Guk jaso ditugunean alegazioak, dekretua dagoeneko eginda zegoen eta ez dugu inolako aukerarik eduki alegazio horiek lantzeko edo ezagutzeko. Orain baditugu dokumentuak, baina behin alegazioak eta dekretua aurkeztu direnean", dio Bergarako EAJko bozeramaile Mikel Letek.
Basalgo zentralaren proiektuaren aurrean jeltzaleek duten jarrerari buruz galdetuta adierazi du ez dutela horren aurrean jarrerarik: "Ulertzen dugu dela oso hasieran dagoen tramite edo prozesu bat eta alegazioak edo ekarpenak aurkezteko epea egon dela. Tramite normal bat da eta egin beharrekoa".
Proiektuaren nondik norakoak
Sei aerosorgailuk osatzen dute parke eolikoaren proiektua, eta horietatik hiru Debagoienean daude kokatuta; Bergaran, zehazki; bi, Eibarren; eta bat, Soraluzen. Bergarako lurretakoak Donejakue –Santiago ermita–, Topinburu eta Aingeru Guarda inguruetako parajeetan joango dira, enpresak aurkeztutako txostenean jasotako mapetan ikus daitekeenez.
Alegazioak herritarren eskura
Behin alegazioak aurkeztuta, Bergarako udal gobernuak adierazi du espero duela Jaurlaritza ohartaraztea zentral eolikoak inpaktu eta ondorio larri nahiz kezkagarriak dituela. Egindako alegazioak herritarren eskura jarri dituzte herritarrek alegaziorik egin nahiko balu oinarri tekniko hori erabiltzeko aukera ere izateko.